Hilabeteak dira euskal gamer, zuzenekoen zaletu eta Twitch-adiktuek Twitchi eskatzen diotela euskara sar dezala emisio hizkuntzaren etiketa ofizial gisa, baina oraingoz kasurik ez. Estatu Batuetako agerkari teknologiko ezagunenetako batek (The Vergek) artikulua eskaini dio gaiari, tartean euskal tuitx-lari batzuekin hitz eginda.
Duela hilabete, tag edo etiketa mordoaren iragarpena egin zuen zuzeneko bideoen erraldoiak (Twitchen jabea Amazon da), baina 350 etiketa berrien artean ez zegoen hizkuntzen agerpenik, bai ordea "kultura etiketa" zenbait, baina horien artean ere ez zeinurik euslaldunentzat.
Abenduan hasi ziren #3000Twitz kanpainarekin Game Erauntsia elkartetik, hainbat lagunen ahaleginak elkartu nahian. Twitchek badu foro bat lokalizazio edo hizkuntza kontuetan eskaerak egiteko, eta han bideratu zuten eskabidea euskaldunek. Kontua ez da interfazea euskaraz izatea, baizik eta erabiltzaile bakoitzak bere saio edo emisioak hizkuntza batean etiketatu ahal izatea. Nola zerrenda murritz bat den, eta euskararik ez dagoen (ezta beste hainbat hizkuntza), hizkuntza gutxituetako erabiltzaileak, gutxi izan, eta gainera isolatuagoa daude, ez daukatelako modu bat aurkitzeko hizkuntza horretan dabilen beste inor ari ote den une jakin batean, ez bada kontaktu pertsonalen sareen bidez.
Euskal kanpainak erdietsi zituen 3.000 erabiltzaile erregistraturen helmuga jotzera. Izatez, 4.000 pasa ziren maiatzerako, eta orduan eskaera nagusia zuen hizkuntza zen. Orain, ekainean, ukrainiera aurretik dago, izango da kanpainaren bat egin dutelako han ere, eta milioika hiztuneko hizkuntza estatala da gainera... Hizkuntza/etiketa hauen eskaeren sailkapena hemen ikus daiteke.
Kanpaina 6 hilabete martxan, beraz, eta etorri zen Twitchen iragarpena eta dezepzioa: 350 tag berri, baina hizkuntzari buruz, aukerarik ez.
Zerrenda berrian bada estaturik gabeko komunitateen aipurik, adibidez, Welsh etiketa, "For streams and content featuring the Welsh community", baina hori hizkuntza galesarekin lotzen da? Ez dirudi. Eta izatez, Welsh community tag hori egon badago ere, Basque community tag-ik ez dago.
Ea ba, orain, The Verge agerkariari erreparatzen dioten Twitchi... Hizkuntza gutxituetako etiketa falta da artikuluaren gaia, eta #3000Twitz kanpaina aipatzen da hain zuzen ere. Arkkuso eta beste euskaldun baten hitzak jasotzen dira erreportaian. Galiziarren kasua ere aipatzen da: etiketa faltan, Discord kanal batean antolatu dira komunikazio paraleloa izateko (200 lagun eta 58 Twitch kanal daude bertan). Maorieraz eta galeseraz ari diren kanalak ere aipatzen dira.
Irudia, euskal tuitx-larianTakatekla jokatzen eta txateatzen Twitch bidez. Astelehenean berriro partida eta emisioa, 21.00 ionliz kanalean.
Erantzun
Sartu