Eustat-ek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2020ko heriotza estatistikak argitaratu eta analisatu ditu, Covid-ak eragindakoak eta beste faktore batzuen bidezkoak zenbatuz. EAEko Euskal Estatistika Institutu ofiziala da Eustat eta datuak behin-behinekoak diren arren, irakurketa interesgarri eta serioa eskaintzen dute.
Atzo argitaratu zuen oharra Eustat-ek, eta zenbait datuz eta grafikoz hornitzen du. Datu nagusia, 2020an, 24.237 heriotza izan ziren, eta horietatik 3.052, guztien % 12,6, COVID-19ari zegozkion. Era berean, heriotza kopurua aurreko urtean baino % 12,4 gehiago izan zen.
Horrela adierazita, urteen arteko aldea portzentaia bidez eta ez zenbaki absolutuetan; ez da argiegi geratzen, baina kalkulu gehigarria egin dugu: zenbat hil ziren 2019an, eta zenbat gehiago 2020an? 24.237/1,124 = 21.563 pertsona; horiek dira 2019an hildakoak. Urtetik urterako aldea, beraz, honakoa: 24.237 - 21.563 = 2.673 pertsona gehiago hil ziren 2020an, 2019an baino.
Hau da, Covidez hildakoak 3.052 pertsona, baina urtetik urterako "heriotza gehigarriak" gutxiago, 2.673. Mundu mailako estatistika gehienetan alderantziz gertatzen da: N badira Covidez ofizialki holak, N bider 2 edo gehiago ere konputatzen dira heriotza gehigarrietan, aurreko urteekin alderatuta. Aste honetan bertan atera genuen The Economist-en kalkulua, mundu mailakoa, eta ez bakarrik 2020ari dagokiona baizik eta aurtengo lehen hilabeteak ere konputatzen dituena: 3,3 milioi pertsona Covidez hilak; baina pandemiaren eraginagatik gertatuko heriotza gehigarriak askoz gehiago direla dio The Economist-ek, 10 milioi biribilduta, 7.1 eta 12.7 milioi pertsonaren artean estimazioaren beheko eta goiko muturrari begiratuta.
Beraz, oso koadro desberdina Eustat-ek EAEko datuentzako adierazten duena. Arrazoietako bat izan liteke, txostenak dioen bezala, arnasketa-arrazoiengatiko heriotzak asko jaitsi zirela 2019 eta 2020 artean.
Edozein modutan, ez da irakurri behar datua EAEn jende "gutxi" hil delako irakurketarekin. 3.000 lagun pandemiak hilak 2020an, eta 2021ean gehitu direnak... dramatikoa da; eta beste irakurketa bat ere gehitzen du Ugo Mayor ikertzaileak: "Ondorioztatu genezakeena ere zera da; COVIDarekin hildakoen %88ari ez zitzaiola iaz hiltzea tokatzen".
Hemen heriotza gehigarriak noiz gertatu ziren grafikoan. Martxoko krisia oso larria izan zen, eta geroko barealdia larritu egin zen urte amaieran "olatu" gehiago etorri zirenean.
Azpimarragarria da Berria egunkariak kalkulu propioak egin zituela duela hilabete batzuk, eta oso antzeko zifrak lortu zituela. Konparatu Berriak urtarrilean argitaratua, orain maiatzean Eustatek dioenarekin.
Erantzun
Sartu