Teknologia albisteak

Pandemiak 10 milioi pertsona hil ditu, The Economist-en arabera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-18 : 09:19

The Economist aldizkariak Covid-19 pandemiak eragindako hildako kopuruaren analisi independente bat egin du. Osasunaren Mundu Erakundeak 2021eko maiatza bitartean 3.3 milioi hildako zenbatu ditu ofizialki, baina the Economist-ek munduan gertatutako "gehiegizko heriotza estatistikoak" aztertuz, beste kopuru bat eman du: 10 milioi hildako, biribilduta, eta estimazioen arabera 7.1 eta 12.7 milioi pertsonaren artean.

Lana The Economist-eko data-kazetaritzako aditu batek egin du, Sondre Ulvund Solstad-ek. Hari batean, Solstad-ek, pandemia hasieratik egin dituen azterketen berri eman du. Betiere, OMEren aurretik, pandemia hedatuago zegoela erakutsi izan dute bere azterketa desberdinek. Iturri desberdinak erabili izan ditu joera horiek ikusarazteko.

Esate baterako, iazko martxoan, pandemiaren hainbat puntu bero deskribatu zirenean, Instagram-eko 62.000 argazki geokokaturen datubase bat aztertu zuen demostratzeko toki kutsatuetatik ustezko ez-kutsatuetara milaka turista ari zirela mugitzen. Eta harrezkero, birusa 125 herrialdetan hedatua behar zuela egon esan zuen.

Iazko irailean, berriz, OMEk munduan 30 milioi kutsatu zeudela esandakoan, bere kalkuluek esan zuten 500 eta 730 milioi artean izango zirela. Aste batzuk geroago, biderkaketa hori egin behar izan zuen OMEk bere kalkuluetan.

Aurten, gehiegizko heriotzen kontaketan jarri du arreta Solstadek. Ez da zehazki Covid-19arekin hil direnen kontaketa, noski; baizik eta beste hainbat gaixo ere, kolapsotik gertu egon diren sistemetan, hil izan direla kontuan hartzekoa da. Gehiegizko hilketena ondo kontrolatua dago estatistika nazional batzuetan, baina ez mundu osoan, eta hortaz, Solstad-ek 121 aldagai konbinatzen zituen eredu bat sortu zuen, kalkuluak behin eta berriro berreginez, "ikasketa automatikoko" edo machine-learning algoritmo bat garatu du.

Ahalegin horien emaitza The Economist-eko azterketa berezi batean argitaratu berri da (ordainpeko aldizkaria da); baina aldi berean, metodoa eta softwarea GitHub-en publiko egin dute, hemen.

Azterketaren grafiko nagusia, artikulu honetara ekarri duguna. Lerro urdina, OMEk zenbatutako hildakoak; marra eta area gorrixka, ordea, aurreko urteetako hilkortasunarekin alderatutako pandemia garaiko "gehigizko heriotzen" espektroa.

Erantzun

Sartu