Teknologia albisteak

Ikastolen bidez Txikipediako edukia aberasteko esperientziaren arrakasta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-10 : 08:13

Duela aste batzuk iragarri zuten Ikastolen Elkarteak eta Euskarazko Wikipediak Txikipedia artikuluz aberasteko ekimena. Hauxe zen plana: hainbat ikastolaren artean 250 gehitu Txikipediara, bereziki emakumezkoen biografiak gehitzeko ahalegina eginez (berdintasunaren aldeko asmo hori Wikipedia nagusiaren kezka ere bada, noski). Bi hilabetean, prentsa-oharrez jakinarazi dutenez, markatutako helburua lortu eta gainditu dute 18 ikastoletan parte hartu dute ikasleek.

Hauek dira ekimenean parte hartu duten 28 ikastolak: Aita Larramendi (Andoain), Andra Mari (Etxarri Aranatz), Armentia (Gasteiz), Asti Leku (Portugalete), Betiko ikastola (Leioa), Elgoibar ikastola, Ikasberri (Azpeitia), Iñigo Aritza (Altsasu), Kurutziaga (Durango), Laskorain (Tolosa), Lautada (Agurain), Lizarra ikastola, Orereta ikastola (Errenteria), Paz de Ziganda (Atarrabia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra) eta Xalbador Kolegioa (Kanbo).

Eta, Uzturre ikastolaren adibide honek erakusten duen bezala (goiko ilustrazio irudia haiena da), ez bakarrik hornitu dute Txikipedia baizik eta Wikipedia orokorra ere bai. Ikusi ze artikulu gehitu dituzten:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Elizabeth_Langdon_Williams 

https://eu.wikipedia.org/wiki/Maria_Manasseina 

https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Ida_Noddack 

https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Hilda_Cid 

https://eu.wikipedia.org/wiki/Emmy_Klienenberger-Nobel 

Aipatzekoa da Ikastolen ekimen honek duen balio anitza: edukia hornitu dute, aurrerantzean hainbat bider bilatu eta aurkitu ahal izango dena.

Baina are gehiago egin dute: editatzen ere trebatu dira. Txikipedia eta Wikipediarako artikuluak egitea, idazketa lan bat da (zentzurik zabalenean: bilaketa, dokumentazioa, erredakzioa), eta baliabide digitalen erabilpen aurreratua da; Wikimedia softwareak editatzeko eskaintzen dituen tresnak oso indartsuak dira; atal batzuetan akaso eskoletan ezagutzen duten Word edo Libreoffice editoreen antza izan dezake sistemaren ikono-multzoak, baina hortik harantzagoko gaitasunak dituen CMS edo Edukia Kudeatzeko Sistema konpleto bat da editatzeko makinatzar hau. Txikipedia elikatzen, Interneteko eduki sorkuntzaren eta kudeaketaren munduan lehen urratsak eman dituzte hainbat gaztetxok. Ez da trebetasun hau guztien etorkizun profesionalean egongo, beharbada, baina oso baliagarria izango zaien "gimnasia" tekniko eta mental bat izan daiteke.

Erantzun

Sartu