Teknologia albisteak

Bi dokumental Eulalia Abaituaren argazkien ingurukoak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-30 : 14:57

Eulalia Abaituaren emakume-erretratuak aipatu genituen martxoan, duela gutxi itxi den erakusketa bat dela eta. Erakusketa haren kontestuan, dokumental labur bat grabatu DAPA bildumarako eta ikusgai dago jada. Era berean, beste dokumental bat ere egiten ari direla jakin dugu: Norberaren Gela. Kasu honetan ere, emakumezko argazkilari bilbotar aitzindariaren lan miragarriaren ingurukoa.

DAPA sorta euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizteko egitasmo bat da,Dinamoa sormen gunearen baitatik sortua, Azpeititik. Eulalia Abaituari dedikaturiko lan honetan, Eulalia Abaituaren emakumeak erakusketa da kontestua, eta bi pertsonaren bidez iruzkintzen dira irudiak: Maite Jiménez Ochoa de Alda historialaria eta Goizalde Landabaso kazetari eta ikaslea. Hona bideoa:

Maite Jiménez Ochoa de Alda (Bilbo, 1959) historialaria da. 1984 eta 2020 bitartean Bilboko Euskal Museoko artxibozaina izan da. Eulalia Abaitua Argazkilaria (1853-1943) liburuaren egilea da, eta martxo-apirileko erakusketaren komisarioa izan zen. Goizalde Landabaso (Bilbo, 1970) idazle eta katezaria da. Gaur egun Radio Euskadin dabil lanean. Besteak beste, 1.362 km. euri liburua idatzi du, Garazi Goiarekin batera. Liburuaren pasarte batean oinarritzen da goiko pieza.

Eulalia Abaituari buruzko beste dokumental bat bukatzen ari dira, bestalde, Enrique Rey eta Ainhoa Urgoitia. Norberaren Gela izenburua izango du lan horrek, Virginia Woolf-en lanari erreferentzia eginez. Hala azaldu zion Berriari Urgoitiak izenburua martxoan: «Woolfek esaten zuen emakume sortzaile batek bere logela propioa behar duela sortu ahal izateko. Abaituak berak logela propio bat zeukan etxean, eta senarrak lagundu egiten zion argazkigintzan».

Hain zuzen ere, Begoña auzoko etxean zuen laborategi propioa Eulalia Abaitua Allende-Salazarrek (Bilbo, 1853-1943). Bilbon hazi arren, 1873an Liverpoolera joan zen bizitzera, Bigarren Karlistadatik ihesi, eta han ikasi zuen argazkilaritzaren ofizioa eta artea.

Norberaren Gela dokumentalaz informazio gehiago, hemen. DAPA sortako bideoak (eta beste batzuk) hemen, Abaituarena sortako 24.a da.

 

Erantzun

Sartu