2021eko Oscarretako irabazlea Nomadland izan da. Film onenaren saria eroan du, eta beste bi sari nagusi ere jaso ditu (zuzendari onena, Chloe Zhao, eta emakumezko aktore onena, Frances MacDormand). Kasualitatea, euskarazko azpidatziak prest daude asteburu honetatik, Urtzi Urrutikoetxea kazetariari esker. Filmak deskribatzen du AEBetako langile azpiklase bat, edadeko jendea karabanetan bizi dena, sasoiko lanen atzetik nomada bizitza egiten. Sasoiko lan horien artean, Amazon etxearen banaketa zentroak daude, zeinetan aldi baterako langileak kontratatzen dituzte salmenta gehiagoko asteetan.
Fances MacDormad aktoreak Fern, etxegabeko emakume bat antzezten du. Nevadako hiri bateko kolapso ekonomikoak nomada moderno gisa bizitzera bultzatuko du, furgoneta horretarako egokitu eta gero. Filmean Linda May, Swankie, Bob Wells edo Makenzie Etcheverry izena duten benetako nomadek parte hartu zuten, Fernen aholkulari eta adiskide gisa, Estatu Batuetako Mendebaldearen esplorazio horretan. Nomadismo berri honetan, sasoi batzuetako lana tradizioanala da (uzta bilketa zehatz batzuk, hala nola patatarena), eta beste batzuk berriak, bereziki Amazonek bere salmenta denboraldiekin lotutakoak. Almazen handietan tarteka biderkatzen diren lanpostu horietarako Amazonek programa berezi bat dauka: CamperForce. Ikusten duzuen bezala, esteka horretan, positiboki saltzen du aukera Amazonek, harro daude lan sistema horretaz.
Izatez, kritika batzuen arabera (The Wrap, Vulture.com), filmak ez du okerregi marrazten Amazoneko lana. Ekoizpena benetako banaketa zentro batzuetan ere grabatu zen eta pentsatzekoa da errodatzeko arau batzuk beteko zituztela. Filmeko pertsonaia, Fern, fizkiozkoa da azken batean, baina jatorrian dagoen liburua kazetaritza lana da (Nomadland, xxx), eta bertan Amazon lantokietako kasuak latzago deskribatzen dira: filmean agertzen den Linda May eskuturreko lesioekin geratu zen Amazonen eskaner-pistola etengabe erabiltzearen ondorioz. Liburuan deskribatzen den beste kasu bat: langile bat konorterik gabe geratu zen, garraio-zinta batetik pakete bat abiadan burura joan zitzaionean, minutu gutxiren buruan, lantegiko arduradunek berriro lanean jarri zuten. Beste lan probisional batzuetan ere edadeko jendea zein erraz zauritzen eta lesionatzen den deskribatzen du liburuaren egileak, Jessica Bruder kazetariak.
Bruderren salaketa zehatzetatik haratago, Zhao eta MacDormand-ek deskribatzen dutenak gehiago du aire filosofiko bat, askatasunaren alegoria batetik gertuago batzuetan esplotaziotik baino.
Baina tira, ikusleek epai dezatela filma, eta euskaraz egiteko aukera dagoela gogoan izan: https://azpitituluak.eus/nomadland
Bestalde, beste artikulu batean duzue 2021eko Oscarren palmares osoa.
Erantzun
Sartu