Teknologia albisteak

Google Timelampse, ia 40 urteko aldaketa geokatastrofikoak ikusteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-16 : 09:19

1984 eta 2020 urteen arteko hainbat satelite irudiren kapak integratu ditu Googlek bere Google Earth azpiegituran, Timelapse deritzon aplikazio berrian. Play botoi batekin lagunduta, planetaren edozein puntutako eboluzioa ikus daiteke instant batean, film labur baten eran. Eraldaketa kezkagarrien berri ematen du tresnak, egiazki, eta Googlek dioenez funtzio didaktiko batekin egin dute, planeta zaindu behar dugula, ze pikutara ari gara bidaltzen.

Googlek zenbait erakunderen laguntza izan du Timelapse sortzeko: NASA, Estatu Batuetako Zerbitzu geologikoa, Europako Batasunaren Copernicus zerbitzua, eta Carnegie Melon Unibertsitatea. 24 milioi satelite-irudi prozesatu dituzte, eta timelapse edo "denbora igarotzeko efektua" lortzeko egin dutena da erresoluzio handiko 530.000 bideo sortu, zeinak prozesatzeko 2 milioi ordu erabili omen diren. Horrekin, nolabait, sekula egin den "film handiena" sortu omen dute.

Timelapse PC bateko nabigatzailean ikusteko (horrela baita gomendagarriena):

Berezko zenbait adibide nabarmentzen ditu tresnak. Nola egiten ari diren glaziarrak atzera, garapen urbano eta industrialen hedapena, kostaldeen atzerapena zenbait tokitan, basoen txikitzea...

Bilbon itxi berri den Guggenheimeko Olafur Eliassonen erakusketa ikusi bazenuten, gogoan izango duzuen Islandiako glaziarren 20 urteko tartearen argazki-galeria. Munduko edozein bazterretan antzera gertatu dela erakusten du Timelapse izeneko aplikazio honek. Ikusi hemen Columbia glaziarra, Alaskan.

Puntu zehatz batzuk erakutsi arren aplikazioaren "aurkibideak", munduko edozein puntura mugitu dezakezu ikuspegia eta han ere gauzak nola aldatu diren. Hona Euskal Herriko adibide bat, Bilboko superportuaren garapena.

Izatez, filmaren ibilerak eta erresoluzio desberdinen pilaketak ez du konparaketa egokiena ematen toki guztietan. EAErako bederen, 3D ikusmirarik eskaini ez arren, urtarrilean komentatu genuen bezala, ortoargazki edo 2d ikusmiren konparatzaile bikaina daukagu, Geoeuskadiren Ortoargazkien Konparatzailea. Irudi zaharrenetan 1945koak. Ez dira satelitezkoak baizik eta hegaldietakoak, baina erresoluzioan Googlerenak baino hobeak kapa gehienetan. Adibiderako, hemen Donostiako Kontxa:

 

Erantzun

Sartu