Lorenz-en erakarlea formula matematiko batekin sortzen den "irudi naturalista" baten adibide argietako bat da. Badira beste batzuk, hala nola Mandelbrot-en multzoa edo irudi fraktalak, denak nolabait kaosaren teoriarekin lotuak (ikus Elhuyar aldizkariko ale zahar batean). Lorenzen irudiek tximeleta itxura dute lehen begiratu batean, baina parametro matematikoak aldatuz, are konplexuagoak bihurtzen direla ikusten da, edertasunari eutsiz: sareko Lorenzen erakarlearen simulatzaile honek erakusten digu hori.
Edward Lorenz matematikari aditua zen, baina interes eta lanbidez gehiago zen meteorologoa. Eguraldiaren aldagai ñimiñoenak izan dezakeen ondorio handien inguruko lanak egin zituen, eta tximeleta efektua deitu izan den horri izena eman zion. Honela laburbildu daiteke efektua, ezaguna den bezala: Tximeleta bat hegaldatu da Txinan, eta (ondorioen ondorioen) ondorioz, urakana gertatu da Karibe itsasoan.
Tximeleta efektuarena teorizazio hutsa da, baina matematika zehatzetan ere sartu zen Lorenz. Atmosferako aire geruza hotz eta beroen interakzioan sortzen diren zurrunbiloen azterketa egitean aurkitu zuen Lorenzen erakarlea deitzen den ekuazioa.
Orain, Malin Christersson matematikariak web ingurune batean jarri ditu ekuazioak. Ikus http://www.malinc.se/m/Lorenz.php
Zenbait parametro uki ditzakegu, batzuk ekauzioaren aldagaiei dagozkienak, eta besteak estetikoak. Hide/Show buterflies dioen tokian, "tximeletak" agerrarazi edo ezkutatu ditzakezu; eta berdin lerroekin. Keinu bat da, Lorenzekiko, baina balio digu azpian zer zegoen ulertzeko. Lerroak ezkutatzen baditugu eta tximeletak bakarrik utzi, aire zurrunbilo batean "tximeleta" edo puntu pisurik gabekoak nola mugituko liratekeen ikusten dugu, Lorenzek ulertu nahi zuen mugimenduaren funtsa. Lerroak agerira ekarriz, aldiz, hegaldi zoro samarra aleatorioa ez dela ikusten dugu, matematikoki definitutako lerroen araberako mugimendu bat dela.
Sortzen diren irudietan sagua jarriz eta mugituz, hiru dimentsiotako ikusmira berriak ere lortuko dituzu.
Malin Christersson-en beste irudi matematiko eder batzuk (fraktalak eta), bere webgunean: http://www.malinc.se
"Kaosaren teoria" oso lotua dagoela meteorologiarekin, eta teoria hau benetan garatzen hasi meteorologian ordenagailuen erabilera ohiko bihurtu zenean. https://zientziakaiera.eus/2016/05/19/kaosaz/
1961. urtean Edward Lorenz eredu atmosferiko sinplifikatuen simulazioak egiten ari zen Massachusettseko Teknologia Institutuko ordenagailu batean eta hor hasi zen azaltzen duzuen Lorenzen erakarlearen historia interesgarria. https://zientziakaiera.eus/2016/05/19/kaosaz/