1610eko liburu batean, euskarazko pasarteak
Suitzan 1610. urtean argitaratu zen liburu baten alea erosi du enkante batean Italian, Mintzoa argitaletxe nafarrak. "Mithridates de differentis linguis" izenekoa da, eta aita gurea eta glosario bat dakartza euskaraz. Hemen albistea Mintzoak emana.
Liburuaren egiletza Conrad Von Gesner delako bati egozten zaio, baina 1565. urtean hil zenez, haren ondorengo argitalpena da hau (1610koa). Rikardo Gomez hizkuntzalariak, ordea, beste datu batzuk bildu ditu, eta bere aburuz Kaspar Waser delako bat da egilea. Waserrek Mithridatesen testua iruzkintzen du, eta besteak beste Gessnerren testuan falta diren datuak gehitzen ditu. Hor sartzen dira, 134. orrian hasita, Gessnerren jatorrizko liburuan ez dauden euskarazko datuak, aitagurea eta hiztegitxoa.
Datu gehiago ere ematen dizkigu Gomezek:
- Aitagurea Leizarragaren Testamentu Berrian datorrena da. Zehazkiago Mateoren ebanjelioko bertsioa (Mt 6:9-13).
- Hiztegitxoa, bizkaierazko aztarna askorekin, Marineo Siculo historiagile siziliarrak osatu zuen lan batekoa da. De rebus Hispatiæ memorabilibus Libri XXV liburuan gehitu zuen Siculok euskarazko glosario hori.
- Hala ere, bi iturriak, Leizarraga eta Siculo, ez dira zuzenekoak Waserren Mithridates honetan. Tarteko beste lan batetik hartuak daude: Bonaventura Vulcanius humanista flandriarraren “Parergon, siue specimen cantabricae hoc est veteris vasconum linguae” idazkia, De litteris et lingua Getarun, siue Gothorum liburuan agertzen dena (1597).
Hortaz, ez dira aurretik ezagutu gabeko testuak. Hala ere, aurkikuntzak badu bere interesa. Irakurri gehiago Filoblogian, Ricardo Goezen blogean.
Erantzunak kargatzen...