Koronabirusaren itxialdiak denbora eta motiboa eman die zenbait etxeko artistari lan zoragarriak egiteko. Bi adibide dakarzkigu, Josune Zabaleta Orioko argazkilariaren muntaiak, eta Goio Arana ilustratzailearen fotoxopatze digitalezko eraldaketak.
Josune Zabaletak Orioko bere etxean ari da, bere senar Javier Urretabizkaia eta Garazi alaba modelo erabilita. Artelan ezagun batzuk errepikatu dituzte, baina baita disko-azalak eta film posterrak ere. Goiko irudian, Erbinude zuriko dama berregin du, eta etxeko txakurrak ere parte hartu du, Leonardo Da Vinciren maisulanetako bat irudikatzen.
Javier senarra Eskua bularrean duen zalduna bilakatu da, El Grecoren irudia berregiteko. Eta alaba Garazi Neska perlarekin, Vermeer holandarraren maisulaneko protagonista.
Josune Zabaletaren lan gehiago ikusteko, ikus anaia Jabierren Twitterreko jarioan.
Goio Arana Arrasateko ilustratzaile eta irakasleak beste hari batetik ari da tiraka. Euskal artearen ikur batzuk berregin ditu, 2020ko estiloan, urruntze soziala aplikatuta.
Horra Aurelio Artetaren sport zelaietako idilioa, tarteko espazio aski zabal eta segurua utzita:
Artetaren lana, Athletic Club taldearen jabetzakoa, Bilboko Arte Ederren museoan dago, eta bertantxe dago halaber, oraingoz inork bisita ezin dezakeen denboraldiko erakusketan, Bixente Ameztoiren izenik gabeko bikote poxpolin-jantziarena, hau ere egokiro aldatua 2020ko egoerara:
Ez bakarrik margolanak, eskultura eta arkitekturan ere aplikatu du printzipioa Arana. Oteizaren apostoluei, Saenz de Oizaren Arantzazuko basilikaren aurrealdean sakabanatzea egokitu zaie, ez zuten baimenik elkarrekin jarraitzeko:
Ikus Goio Aranaren lan gehiago bere Twitterreko kontuan.
Erantzun
Sartu