Bixente Ameztoi margolari gipuzkoarraren (Donostia, 1946-2001) lanekin erakusketa interesgarria irekitzen da gaur Bilboko Arte Ederren museoan, ekaineko lehen astea arte. Surrealismoa eta euskal gaiak nahasten, oso estilo pertsonala garatu zuen 20. mendeko azken laurdenean, eta bisita mereziko du erakusketa honek.
Artikulu honen ilustraziorako aukeraturiko 1979ko Sin título obra da Ameztoiren lan esanguratsuenetako bat: bi androgino simetriko, poxpolinaz jantzi daude aldatutako pinuak dituen soro batean, eta soroaren hondoan zehaztasun osoz marrazturiko birfindegi handi bat, agian zentral nuklearra.
Beste lan batzuetan, 1990eko hamarkadan antolatu zuen Karne & Klorofila erakusketan, izadia eta gizadia nagasten zituen, haragi-landarezko pertsonaiak, natura eraldatu bat... nolabait Arcimboldo italiar klasikoaren ildotik.
Margolaritzaz aparte, gizarteko hainbat kultura-ekimenetan ibili zen Ameztoi: Zeruko Argia eta Euskadi Sioux aldizkarietarako azalak egin zituen, eta Julio Medem zuzendariaren Vacas filmean (1992) zuzendaritza artistikoan parte hartu zuen, zeinarentzako, besteak beste, txorimalo-segalari berezi bat ere eraiki zituen.
Ameztoiz gehiago jakiteko, artikulu interesgarria idatzi zuen Gorka Bereziartuak Argian duela aste batzuk.
Erantzun
Sartu