Teknologia albisteak
1

Bilatu eta Ordeztu funtzioaren biktima bat euskal letretan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-25 : 10:30

Joan den astean hil zen Larry Tesler, Kopiatu eta Itsatsi funtzio informatikoaren asmatzailea, hemen bertan informatu genuen bezala. Baina ez zen hori izan bere ekarpen bakarra informatikara (maila teorikoan ere egin zituen batzuk, Gorka Juliok Berrian gogorarazi zigunez): Bilatu eta Ordeztu funtzioa ere asmatu zuen Teslerrek, eta horrek ere zenbat lagundu digun hainbati... inoiz katramilaren batean sartu gaituen arren: adibidez, Anjel Lertxundiri gertatu zitzaion.

Letrak kalekantoitik liburuan (1996) kontatu zuen Anjel Lertxundik zer gertatu zitzaion. Lurrak berdinduko nau nobelan (1990), Antton delako pertsonaia bat bazen lehen bertsio batean. Editorearen edo lagun baten aholkua jaso zuen Anjelek, izena aldatzea ondo etor zitekeela, eufonia kontuengatik, -tt- bustidura errepikakor gehiegi zeudelakoan.

Hortaz, Anjel Lertxundik, teknologiaren lagun-etsai ezagunak, beti maiteminezko borrokan hala Xuxenekin nola testu prozesatzaileekin, erabaki zuen teknologiaren tresna hura erabiltzea, Antton bilatu eta ordeztu, eta ez banan-banan, baizik eta guztiak batera, zertarako denbora galdu. Ondo pentsatu zuen Lertxundik, gainera, deklinabide eta kontuek ondo eman ziezaioten, -N letraz amaituko zen izena behar zuela ordezkatzeko, eta German izena aukeratu zuen.

Horrela, Antton guztiak German bihurtu ziren bat-batean... Eta horra gaiztakeria, aipatzen omen da liburua Antton Valverde euskal kantariaren disko bat! Ba hura ere Germam Valverderen diskoa bihurtu zen.

Ondo kopitsatsi eta asko bilordeztu, baina kontu apur batekin!

Erantzunak

2020-02-27 : 08:52

Ana Morales idazle eta itzultzaile bati egin zioten liburu batean, "errez" guztiak "erraz" bihurtu nahirik, "errezeta" guztiak "errazeta" bihurtu zizkioten.

Twitter bidez kontatu digu: https://twitter.com/AnaisNi/status/1232240580803125251

Erantzun

Sartu