Teknologia albisteak

Netflixi konpetentzia egin nahi dion VOD zerbitzu berria aurkeztuko du Disneyk 2019 hasieran

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-08-28 : 12:23

Azken hilabeteetako zurrumurru eta iragarpenak baieztatu dira eta Disneyk dagoeneko bideratuta dauka 2019an argitaratuko duen VOD (video on demand) plataforma berria. 2019tik aurrera, Disneyk kaleratuko dituen ikusentzunezko guztiak plataforma berri horretan ikusi ahalko dira, eta ez Netflixen, orain arte bezala. Azken urteotako harremana itxitzat emango dute, hortaz. Kontuan izan behar da Disney konpainiaren parte direla, baita ere, Pixar, Marvel eta Star Wars saga osoa, guztiak ere plataforma berrira eramango direnak. Estatu Batuetako hedabide batzuek aurreratu dutenez, VOD plataforma berriak izena ere badu dagoeneko, Disney Play, nahiz eta izena oraindik ez den ofiziala.

Duela urte bete aurreratu zuen Disneyk bere asmo berria, Netflixen antzeko VOD plataforma bat plazaratu nahi zuela. Atzo iragarri zuenez, hasierako plangintza ondo doa, 2019. urterako prest izango du zerbitzu berria. Plataforma berria sortzearekin batera, Disneyk orain arte Neflixekin izan duen harremana itxiko du. Hemendik aurrerako estreinaldi guztiak bere plataforman emango ditu Disneyk, eta ez Netflixen. Izan ere, Netflix, Hulu edo Amazon Prime bezalako plataformekin lehiatu nahi du Disneyk hemendik aurrera VOD zerbitzuen alorrean.

Ez du erraza izango, hasiera batean, behintzat, Disneyren produkzioa askoz txikiagoa izango delako. Hori bai, harpidetza merkeagoa izango omen da (6 euro inguru, orain arteko zurrumurruen arabera). Disneyren 2019ko film berriak, hartara, plataforma berrian estreinatuko dira, hala nola, Toy Story 4, Frozen 2, Dumbo, eta abar. 

Merkatuaren zatirik handiena lortu du Netflixek azken urteotan. Badirudi Disney berriak eta Amazon Prime indarberrituak egoera orokorra aldatu dezaketela etorkizun hurbilean. Ikusteko dago lehia horrek zer panorama ekarriko digun urte gutxiren buruan eta erabiltzaileontzat onerako (zerbitzu hobe eta merkeagoa) edo kalterako (eskaintza zatikatuegia) ekarriko odte digun. Badirudi joan-etorri ugari ikusiko ditugula datozen urteotan oraindik hasi berritan dagoen VOD merkatu honetan.

 

..............

Irudia: rosarionuestro.com.

Erantzun

Sartu