Euskaltzaindiak 397 forma berri arautu ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak Interneteko Euskaltzaindiaren Hiztegiari erantsi dizkio. Atzo, dokumentu batean (PDF), forma guztien zerrenda ere partekatu zuen akademiak. Hor daude tuit eta txio formak adibidez. Bertuit edo bertxio ez dira ageri, ordea, eta aditzaren formaz ere ez dakigu ezer (esango genuke gehienok txiokatu erabiltzen dugula honezkero).
Sustaturen irudipena da tuit erabiltzen zela Twitterren hastapenetan euskaraz, duela 8-10 urte, baina gero txio, bertxio, bertxiotu eta txiokatu indartu direla, eta Twitterren interfaze euskaratuan ere horrela agertzen direla.
Termino guztiak Interneten eguneratuta egoteak esan nahi du Euskalbar tresnarekin ere kontsultatzen ahal direla jada berritasunak.
Euskaltzaindiak berak bere ohar ofizialean nabarmendu dituen hitz berrietako batzuk batzuk:
- gaixo(-)agirieta sendagiri, baina, horiekin batera, baja eta alta
- baxo (Ipar., Frantziako estatuan, bigarren hezkuntza ikasketak amaitu ondoren, unibertsitaterako sarbidea ematen duen azterketa; azterketa hori gainditzeak ematen duen ikasketa-maila)
- behe-maila edo lagunarteko hitzak, Hegoaldean lekua hartu dutenak: flipatu, friki
- janari-edariak: curry, sushi, tofu, pintxo, zurito
- migrante, papergabe, intersexual, transgenero
Gure arreta erakarri duten beste batzuk:
- House (musika elektronikoa)
- Bypass (prozedura kirurgikoa, euskarazko film bat ere izan zen)
- Ahaldundu (nola ez!)
- Asertibo eta asertibotasun. Formalki, Euskaltzaindiaren arabera, "Pertsonez mintzatuz, bere iritzi, sentimendu edo asmoak argi eta irmotasunez, baina erasokor izan gabe, begirunez, adierazten dituena". Informalki, gure aburuz, "pertsonekin asertatzen duzunean".
- Drone. Beraz, idatz dezagun, "film batean drone bat ikusi dut."
- Immobilista eta Immunitario, M bikoitzarekin.
- Kameu, apaingarri bezala erabiltzen den harribitxia.
- Mastaba eta zigurat. Harrigarria egiten zaigu hauek hitz berriak izatea!
Gaizki ulertu genuen Euskaltzaindiaren Hiztegiko (infor.) oharra, Txio sarreraren adiera bati zegokiona. Informatikako terminoa zela adierazten du horrek, ez informala. Lehengo izenburu okerra [Euskaltzaindiak tuit eta txio (hau "informala") onartu ditu hiztegirako] aldatu egin dugu. Eskerrik asko okerra igarri eta jakinatazi digutenei.