Teknologia albisteak
1

Bi Elkano, kontrajarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-03 : 12:11

Asteburu honetan bi Elkano oroituko dituzte Getarian (Gipuzkoa), munduari itsasoz bira eman izanaren 500. urteurrena betetzearen harira. Elkanoren Zeruertza izenarekin antolatu diren ekitaldi ofizial batzuen sorta dago batetik (Espainiako itsas-armadaren partaidetzarekin, besteak beste). Eta Elkanori Bira herri ekimenari lotuta, bestalde, kolonialismoaren salaketa eginez  "Etxeu Nahi Eguna" ('ez ditugu nahi') antolatu dute uztailaren 6rako.

Elkanoren Zeruertzaren programa uztailetik 5etik 7ra da, eta bere puntu ikusgarriena izan liteke, akaso, hiru ontzi bisitatu ahal izango direla Getariako portuan, horietako bat Espainiako itsas-armadaren eskola ontzia, Juan Sebastián de Elcano belauntzi handia. Webgunearen bitartez, bisitak hitzartu daitezke oraindik.

Jarduerak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren turismo-sustapeneko egituren babesa du, eta ez du ezkutatzen izaera militarra duela. Hala dio webgunean Elkanoren Zeruertzak: Antolatutakoa "omenaldi bat da, lau ontzidiek (merkataritzakoa, arrantzakoa, militarra eta kiroletakoa) itsasotik gidatua".

Gainerako ekintzen berri, egitarauan (euskal kostaldeko beste puntu batzuetako ekitaldiak barne).

Elkanori Bira ekimenak, berriz, urteurrenaren ospakizuna kritikatzen du, eta irakurketa kritiko bat eskatzen du. Manifestu bat kaleratu zuten duela aste batzuk, besteak beste hau zioena:

  • Historiaren funtsa ez da inoiz balentria handien kontakizunak gogoratzea izango. Zeregin nagusia iraganeko gertaeren inguruan hausnartzea da, orainaren gakoak argituko dizkigun benetako ikuspegia osatzeko.
  • Europar konkistatzaileek “aurkitutako” lurrak eta menperatu zituzten pertsonak ez dira abentura epikoak edertzeko apaingarriak. Historia eurozentristak urte luzez ahanzturara zigortutakoak lehen lerrora ekarri nahi ditugu: emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak.

Manifestu honen espirituarekin bat eginez, Getarian "Etxeu Nahi Eguna" ('ez ditugu nahi') antolatu dute uztailaren 6rako. Erreibindikazio eta protesta ekintza izango da, festa giroan.

Asteburu honetakoa ez da izango, seguruenik, bi ikuspegi hauek talka egingo duten azken aldia. Mendeurrena hiru urterako kontua izango da. Magallaes buru zuen ontzidiaren bidaia 1519ko abuztuaren 10ean hasi zen Sevillan, eta Andaluziako beste portu batean amaitu zen (Elkano buru zela, Magallaes bidean hil baitzen) 1522ko ekainaren 6an.

Elkanorena gogoratzeko beste bi webgune "ofizialista" daude sarean.

  • 5. Mendeurrenaren Espainiako webgune ofiziala, vcentenario.es
  • eta Elkano Fundazioarena, azken hau Jaurlaritzak, Aldundiak, Getariako Udalak eta Urola Kostako Udal Elkarteak osatua.

https://elkanofundazioa.eus/eu/

Erantzunak

2019-07-03 : 22:02

Kaixo. Lehenik eta behin, eskerrik asko. Erakunde publikoek Espainiatik datorren dirutza baliatuz eta interes turistikoak eta unionistak sustatuta Elkanori buruz irentsarazi nahi diguten historia denok ez dugula sinesten eta onartzen erakusteagatik. Horretarako sortu dugu Elkanori Bira herri ekimena, Elkanori eta konkistatzaileek idatzitako historiari buelta emateko. Eskertzen dugu gai hau hizpide hartuta gure sorreraren eta asmoen berri ematea. Bejondeizuela!

Etxeu Nahi egunari buruzkoak zehaztu eta zuzendu nahi ditugu, ordea. Izan ere, Elkanori Bira ez da egun horren antolatzailea, zuen albistean esaten den moduan. Elkanori Birak, asteburuan plazaratu dugun manifestua argitaratu du oraingoz, lehen 100 sustatzaileen babesarekin. Epe luzeko pedagogia lana egitea dagokigula sinetsita, gure ibilbidearen hasiera besterik ez da hau. Lehen urratsek, egutegian ia-ia bat egin dute asteburu honetan Getarian izango den Horizonte Elcano ekimenarekin. Elkano omentzeko eta Espainiako Armadaren eta Espainiaren historia inperialista zuritzeko antolatutako ekitaldiek herritar askoren haserrea eragin dute, eta horri erantzunez, militarrik ez dugula nahi esanez, Etxeu Nahi eguna antolatu dute Getariako dozenaka eta dozenaka herritarrek eta eragilek. Elkanori Bira herri ekimenak bat egiten du horrekin, Espainiako Armadari alfonbra gorria jartzea ez dugulako onartzen. Gure ekimena, ordea, harago doa: Espainiako Armada ez ezik, Elkano ere inperialismoaren ikurra eta eredua dela erakutsi nahi dugu, eta etorkizuna ezin dena balore horien gainean eraiki.

Etxeu Nahi eguna, beraz, ez dugu guk antolatu, Horizonte Elcano ekimenari erantzuteko Getarian sortu den mugimendu herritarrak baizik. Militarrak joango dira, baina Elkanoren estatuek eta Elkanoren itzalak Getarian eta jarraituko du. Horri buelta eman nahian sortu gara eta hori izango da gure lana, Espainiako Armadaren beharrik ez dugula esateaz harago.

Informazioa zuzenduko duzuelakoan, beraz, laster arte!

Erantzun

Sartu