Teknologia albisteak
1

"Euskal TxioHerria arriskuan dago"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-26 : 15:30

Hautsak harrotuta daude TxioHerrian, Twitterreko euskarazko komunitatean. Patxi Huarte Zaldieroak esana: "Euskal TxioHerria arriskuan dago. Bai, jakin badakit hor kanpoan mundu bat dagoela, entzun dudanez, harreman fisikoekin eta zuhaitzen pean egiten diren arratsaldeko pasirekin, muxuekin eta guzti. Baina gure TxioHerria ...Auzolan bat da!. Uzten badugu euskal kulturak pairatuko du."

Azken bizpahiru egunetan sare sozial hau utzi  dutenen artean daude Santi Leone idazlea (@ororostorm), Xabier Landabidea Txerren (@txerren) Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Jaume Gelabert zutabegilea (@bonbergant) eta Aintzane Muguruza (@aintzanemug) Gehitu elkarteko koordinatzailea.

Kontuak ezabatu dituzte lauek: inoiz ezer esan badute, ezin da orain Twitterren irakurri. Hortaz, motiborik aipatu badute bertan, horien gaiean ez dago asko esaterik, eta elkarrekin lotuta egon daitezkeela ere espekulazioa litzateke.

Motibazio garbiena Santi Leonerena dela esan daiteke, polemika potolo samar batekin lotuta dagoelako. Duela egun batzuk salatu zuen Zuzeun, Danele Sarriugarteren Erraietarik liburuaren gaztelaniazko itzulpenaren aurkezpenean, beste idazle batek, Lucia Baskaranek mesprezuzko hitz gordinak esan zituela Hasier Etxeberria zenaren kontra.

Artikulu hark eragin zituen erreakzioen artean, Lander Arretxea ikus-entzunezkoen komentaristak Berrian argitaratuak bereziki sutu zuen Santi Leone. Erantzun batzuk utzi zituen Twitterren, eta ez bakarrik sare hau, euskarazko hedabideak ere utziko zituela esan zuen Leonek.

Harrezkero, beste iritzi batzuk ere egon dira. "Dimisioen" harira Zaldieroak esana, artikulu honen izenburu eta sarreran jarri dugu. Aipatzeko moduko beste batzuk:

Beñat Hach Embarekek Zuzeun, enpatiaren aldeko dei bat: Euskal Herrian talka birtualak ez dira hain birtualak. Hari labur bat, Katixa Agirrerena, zentzu bertsuan.

Gorka Bereziartuaren iruzkina, sakoneko Etxeberria-Baskaran kontuaz. Eta artikulu horren azpian, Gorka Erostarbe kazetariaren erantzuna, bestearen azalean jartzeko dei bat. Ikus halaber txioetan Bereziartuarenak eragindako haria.

Erantzunak

2019-07-01 : 09:26

Gaiari buruz idatzi du Xabier Gantzarain arte-kritikari eta idazleak, https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2019-06-30/autozentsura-salgai.htm (ikus iruzkinak Saretik atalean: https://sustatu.eus/1561895707243 ). Duela egun batzuk Twitter utzi zutenen artetik, Aintzane Muguruza Gehitukoa itzuli da, eta hain zuzen ere Gantzarainen artikulu horri egin dio erreferentzia bere erabakia azaltzeko.

Erantzun

Sartu