Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kontsolek jai dute, Googlek iragarri duen Stadia joko-plataforma gailentzen bada

Sustatu
2019-03-21 09:29

Googlek iragarpen inportantea egin du aste honetan. Bideojokoen alorrean, gamer kultura eta ohituretan, eta jokoen industria osoan eragina izan dezakeena. Stadia izeneko joko plataforma bat iragarri du, eta zera du ezaugarri nagusiak: ez dago kontsolarik. Telebistara edo ordenagailura, lainotik zuzenean emango dizu jokoaren indar guztia Googlek.

Iragarpenak ondorio sakonak izan ditzake, gauzatzen bada, eta gauzatutakoan agindutako arintasun eta gaitasunak baditu, joko aukera polit bat izatez gain. Stadian dauden jokoek ez dute beharko Play Stationik edo Xbox-ek jokatzeko, ezta software bereziturik instalatu beharrik ordenagailuan. Jokoaren indar bisuala eta operatiboa ez da etxean egongo, baizik eta lainoan, eta Googlek saretik zerbitzatuko dizu zure pantailara.

Jokorako hardware atalen batzuk salduko ditu Googlek, dena dela: joystick berezituak, seguruenik. Baina kontsola garesti bat aurreztu ahal izatea, kolpe latza izan daiteke Sony eta Microsoft-entzat, Pleiak eta Eksbosak egiten dituzten etxeentzat. Jokoen ereduari dagokionez, kartutxoak saldu beharrean, eredu berriarekin "alokairuak" edo harpidetzak saltzea izan daiteke eredu berria, plataforma berriarekin. Pentsa jokoen Netflix batean. Ez duzu DVD jogailurik behar etxean, ezta DVD edo Blu-Ray-rik erosi behar ezta?

Sistemak benetan kontsola batek eman dezakeen indar guztia eskaini dezakeen, horra batzuek orain duten zalantza. Baina Googleren gaitasun eta zerbitzari laino erraldoiarekin... Beste zalantza bat da ea jokalariak etxean ematen dituen aginduek berehalako erantzuna izango oten duten lainotik jasotako irudi eta akzioetan, jokoa zapuztu dezaketen 'delay' edo atzerapen okerrik gabe. Orain arteko erakustaldietan, ez da halako arazorik antzematen, baina erakustaldiak dira, jakina. Hemen adibide bat:

Googlek beste gaitasun batzuekin hornitu nahi du Stadia, gainera. Botoi bati sakatu, eta instant batean, zure jokoa Youtubeko zuzeneko bat bihurtuko da, eta 'gameplay'-a ere sortuko da, nahi izanez gero. Honekin, joko streaming zuzenekoen nagusi den Twitch plataformari egin nahi dio aurre Googlek (Twitch Amazonen jabetzakoa da).

Era berean, garapeneko ingurunea open-source edo irekia izango da, eta garatzaileentzat abantaila bat izan daiteke hori, jokoen biltegia handitzeko.

Jokaldiak, azken batean, Interneteko azken aroko joera bat indartzen du. Tarteko hardware eta euskarrien zaharkitzea. Gorago aipatu dugu, eta pentsa, zertan den orain Blue-Ray formatua, irudi perfektuak emateko disko horiek... Samsung-ek iragarri berri du otsailean, ez duela jada Blu-Ray jogailurik fabrikatuko. Zertarako ba? denak streaming bidez ari direnean filmak ikusten, Netflix eta antzekoetan...

Jada nahiko anakronikoak dira DVD jogailuak. Laster kontsolak ere bai agian.

 

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu