Teknologia albisteak

Applek Shazam erosi duen honetan, probatu abestien beste app hau, SoundHound

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-09-25 : 10:44

Apple guztiz ahaltsuak Shazam erosi du, abesti bat entzuten duzunean botoiari sakatu eta zein den esaten dizun aplikazio ezaguna. Jakina den bezala, soinu-uhinen bilatzaile baten gisa funtzionatzen du Shazamek, baina kontzeptu hori haratago eramaten duen beste app bat aurkeztuko dizuegu hemen eguna aprobetxatuta: SoundHound. Zuk zeuk abesten diozuna igartzen du aplikazio honek.

Shazam sagarraren konpainiara

Applek publiko egin du erosketa, baina ez da prezioa jakinarazi. Medio batzuen arabera 400 milioi dolar izan dira, eta ez dirudi asko, ze azken inbertsio txandan, mila milioiko balorazioa egiten zitzaion Shazami duela hilabete batzuk.

Gertatzen dena da oso popularra izan arren, ez duela irabazi handirik eragiten. Shazam mugikorrean instalatutako "uhin-bilatzaile" moduko bat da. Musika entzuten duzularik, bozgorailu batzuetatik, edo telebistako soinu-bandaren batean... emateiozu botoiari, eta bilaketa bidez, katalogo musikalean zein abestiri dagokion oso ondo asmatzen dizu Shazamek. Funtzio harrigarriak ere baditu, azpidatziak erakustekoa adibidez. Horrekin negozio iturririk, ordea, nekez garatu dute. Ohikoena publizitatea izan da, edo salmentetara bideratu, aurkitutakoa deskargatu zenezan sareko musika-dendetatik (hain zuzen ere, diotenez egunean milioi bat klik lortzen omen ditu Apple Music-ek Shazametik).

Diotenez, Applek egingo duen lehenbizikoa izango publizitatea kentzea izango da.

Ez badaukazu, probatu Shazam Google Play edo iTunes-etik jaitsita.

SoundHound

Beste aplikazio bat ere gomendatzeko aprobetxatuko dugu eguna: SoundHound. Ez du Shazamen funtzio berdina egiten, ariketa zailagoa burutzen duela esango dugu. Irrati edo bozgorailuetan entzuten duzuna igarri barik, zuk zeuk abesten duzuna igartzen du aplikazio honek.

Interfazearen aldetik, Shazamen oso antzekoa du. Grafikoki ere, S letra baten inguruko efektu birakari batzuk agertzen dira identifikazioa egiten duen bitartean (ikus goiko irudian bi aplikazioen logoak efektu dantza egiten).

Eta aurkitu... aurkitzen ditu kantuak, segun eta nola abesten duzun, jakina. Abestien identifikaziorako darabilen katalogoari dagokionez, Shazamena baino murritzagoa dela ematen du. Euskal abestiekin egindako aproba batzuek huts egin digute guri. Espainiako edo Frantziako hit ezagunenak errazago topatzen dituela ematen du.

SoundHound enpresaren jatorria edo zioa adimen artifizialaren bitartez ahots ezagutza eta ulermena garatzea omen da. Urteak daramatzate horretan, eta helburua omen da ahost-ezagutza sistemen alorrean sartzea. Baina esparru hori Interneteko erraldoiek oso hartuta daukate produktu propioekin (Apple-ren Siri, Google Assistant, eta Amazonen Alexa) eta zaila dirudi tokia egitea. Euskal jatorriko produktu bat, Sherpa, borroka berean ari da.

Hala ere, SoundHound-ek 100 milioi dolar jaso ditu inbertsioetan aurten bertan, eta badirudi musikaren bidetik saiatzea erabaki dutela oraintsu. Izatez, enpresaren izena lotu dute musika aplikazioarekin, eta beste proiektuak izen desberdinekin banatzen dituzte: Houndify eta Hound.

Erabilpenari dagokionez, lagun arteko kantu lehiaketak antolatzeko aproposa iruditzen zaigu: jarri bizpahiru kolega eta esan, ea abestu ditzagun Oasisen kantuak. Kantari txarrei ez die igarriko SoundHound-ek, baina bai onei. Egin aproba SoundHound Google Play edo iTunes-etik jaitsita.

 

 

Erantzun

Sartu