Teknologia albisteak

Kantuen hitzak Shazam-en sinkronizatuta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-05-27 : 10:00

Funtzionalitate berri eta praktikoa deskubritu dugu Shazam musika aplikazioan. Jakingo duzue zer den, entzuten duzun kantu edo doinu hori berehala identifikatzen dizun aplikazio mugikorra. Kantua igartzeaz gain, orain hitzak ere ematen dizkizu, eta sinkronizatuta gainera.

Adibidez, kantu hau entzunarazi diogu telefonoari Shazam erabiliz. Egile eta kantua berehala igarri ditu aplikazioak, eta kantuaz gain, goiko fitxa hori dugu, Letras gaztelaniazko interfazean. Bertan klikatu eta abestiaren hitzak agertzen zaizkigu.

Gainera, hitzak sinkronizatuta doaz kantuarekin. Hau da, Shazamek igarri egiten du kantuaren zein puntutan egin duzun entzuketa-detekzioa, eta puntu horretatik aurrera pasatzen dizkizu hitzak, abestea tokatzen den esaldi edo ahapaldia nabarmenduz. Alegia, entzuten duzu kantu jakin bat nonbait, eta Shazam bidez segundu batzuetan hitzak mugikorrean dituzu, kantuarekin sinkronizatuta, eta bat egin dezakezu karaoke eginez edo erridikulua eginez.

Euskarazko kantuekin ba ote dabil? Bakan batzuekin bai. Goiko irudiko adibidean Zea Mays-en Negua joan da-ta kantu ezaguna pasatu diogu Shazami: igarri du, eta Youtubetik ordenagailuan abestia entzuten zen bitartean, hitzak sinkronizatuta genituen mugikorrean. Une hori atera dugu argazkian.

Beste kantu batzuekin ez da horrela gertatzen. Haizea Garizumakoa, Ruper Ordorikaren kantua, ezagutu du Shazamek, baina ez du hitzik eskaintzen (dena den, kantu zehatz horren Youtubeko bertsio ofizial honetan azpidatzi gisa kargatuta ditu hitzak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).

Shazam Google Play edo iTunes dendetan aurki dezakezu Android eta iOS-erako eta doan da.

 

Erantzun

Sartu