Sustatu logoa Teknologia albisteak

Aztarna paleolitikoak Sketchfab 3D biltegi digitalean

Sustatu
2018-07-26 11:33

3D modelo digitalen biltegia da Sketchfab. Era guztietako proiektuak ikusten dira bertan: arkitekturako elementuak, diseinu industrialak, kultura popularreko pertsonaiak, artelanak... Baina baita ere zientzialariek kargatutakoak, eta horien artean: antzinako gizakien artelan eta tresnen aztarnak bereziki ikusgarri geratzen dira. Besteak beste, Joseba Rios Garaizar adituak Euskal Herrian aurkitutakoak.

Joseba Riosek igo dituen piezak azken aldi Euskal Herrian dokumentaturiko aztarnategi inportanteenetako batekoak dira: Aranbaltza (Barrika, Bizkaia). Bertan bizi izan ziren Neandertalek zurezko tresnak erabiltzen zituztela deskubritu da, eta hemen duzue pieza horietako baten modeloa. Lurra zulatzeko eta industeko erabili zuten neandertalek makila zorrotz hori, zuztarrak edo beste jaki batzuk eskuratzeko, agian.

Joseba Riosen beste modelo honek, adibidez, anotazioak ere baditu. Levallois pieza bat da, neandertalek garatutako tekniko litiko aurreratuenarekin egindakoa. Goiko ilustrazioa modelo honetatik atera dugu. (Bide batez, aste honetan ekin diote Aranbaltzako indusketa sasoi berriari, ea zer aurkitzen duten!)

Beste bilduma zoragarri bat, Alemaniako hegoaldeko Suabiako aztarnategietakoa da. Aterpe batzuen modeloak egin dituzte, baina bereziki zoragarriak dira hezurretan egindako animalien irudiak (batzuk antropomorfoak ere). Adibide eder bat, lehoi hau:

Hemen kapsulatutako irudiak tridimentsionalak dira. Handitu eta pasatu sagua gainetik, edozein norabidetan mugitu ahal izango dituzu piezak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu