Qantas hegazkin-konpainia lehenengo saiakerak hasi da egiten Sidneyko aireportuan. Aurpegiak ezagutzeko gauza den teknologiari esker, aerolineak ez du pasaporterik edota hegazkineko tiketik eskatuko. Makina batek zure aurpegia "irakurriko" du eta kitto. Fakturazioan zein ontziratzeko orduan erabiliko du sistema berri hau, tramiteak, ilarak eta itxaronaldiak saihestuz. Joan zen ostiralean hasi ziren aurreneko probak eta, ondo bidean, Australia osora zabalduko dute sistema berria.
Oraindik lehenengo urratsak besterik ez dira, proba fasean egongo da hasiera batean, baina dagoeneko martxan dago sistema Australian. Qantas konpainiako hegaldietako bidaiari batzuek euren aurpegia erabiltzeko aukera izango dute pasaportearen ordez. Sidneyko aireportuan hasi dira egiten lehenengo saiakerak. Ekipajea fakturatzeko orduan zein hegazkinera sartzeko orduan ez da tiketik eta pasaporterik erakutsi beharko; nahikoa izango da zure aurpegia makina baten aurrean jartzea.
Sidneyko aireportuan 43 milioi bidaiari sartzen dira urtero eta teknologia honekin ilarak eta itxaronaldiak asko murriztuko direla aurreikusten dute. "Bidaiarientzat askoz erosoagoa izango da, ez dute malabarismorik egin beharko pasaporte, baliza eta tiketekin. Nahikoa izango da zure aurpegiarekin", aipatu dute prentsa-ohar baten bidez. Oraingoz, behintzat, sistema hau hautazkoa izango da.
Nahi duten bidaiariek erabili ahalko dute sistema berria. Emaitzak onuragarriak badira, datozen urteotan Australia osoko aireportuetara hedatuko dute sistema berria.
Aurpegiak ezagutzeko teknologia izugarri hobetu da azken urteotan eta dagoeneko hainbat kontutarako erabiltzen da. Esate batera, Txinako polizian betaurreko adimendunak ditu tren-geltokietako bidaiarien datuak automatikoki jasotzeko. Norbere datuak jasotzen dituzte teknologia guztien kasuan, betiko moduan, zalantza edo beldur apur bat ere sartzen zaigu, zein neurritan erabiliko diren teknologia horiek gure erosotasunerako, eta zein neurritan gure joan-etorri eta mugimendu guztiak kontrolatzeko. Izan ere, dagoeneko teknologia prest dago horretarako...
Erantzun
Sartu