Teknologia albisteak

Betaurreko adimendunak erabiltzen hasi da polizia txinatarra, herritarrak automatikoki identifikatzeko #ErabatFitxatutaGaude

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-08 : 09:35

Ez da zientzia fikzioa. Dagoeneko gertatzen ari da. Polizia txinatarra betaurreko berezi batzuk hasi da erabiltzen herritarrak automatikoki identifikatzeko. Sistemak horrela funtzionatzen du: betaurrekoek herritarren argazkiak ateratzen dituzte; zuzenean datu-base batekin parekatzen dute; poliziak segundu gutxian jakin dezake parean daukan hori nor den eta ea poliziak bilatzen ote duen. Zhengzhou-ko tren geltokian egin dituzte lehenengo probak. Gutxinaka Txina osora zabalduko dute.

Herritarrak gero eta "fitxatuago" gaudela nabarmena da. Googlek zenbat ote dakien guri buruz; baita telefono konpainiek ere, edota erosketak egiten ditugun kateek,... edo poliziak, jakina. Orain urte batzuk pelikuletan ikusten genituen kontuak egia ari dira bilakatzen. Esate baterako, Txinatik datorkigun hau (ziurrenik beste herrialde batzuetan ere egingo dutena, baina jakin ez duguna).

Txinako polizia betaurreko adimendunak erabiltzen hasi da Zhengzhou-ko AHT tren-geltokian. Betaurreko horiek bideokamera bat daukate eta sarera konektatuta daude. Trenen sarrera-irteeretan kokatutako poliziek bidaiari guztien aurpegiak grabatzen dituzte euren betaurreko horiekin, eta bidaiarien aurpegien argazkiak poliziaren datu-base batekin parekatzen dituzte. Segundu gutxiren buruan, bidaiariren bat susmagarria bada, poliziak erantzuna jasotzen du bere mugikorrean.

Orain dela aste bete jarri zuten martxan metodo berri hau eta dagoeneko 7 pertsona atxilotu dituztela esan dute agintariek. Gainera, esan dute hemendik gutxira Txinako herritar guztiak identifikatzeko gai izango direla (1.400 milioi pertsona). Poliziaren betaurreko adimendunak erabilita, edo Txinako kaleetan dauden milaka eta milaka bideokamararen bidez, edozein herritarren ibilerak kontrolatzeko gai izango dira.

Panorama itogarria irudikatzen du honek, Orwellen 1984 eleberriak irudikatzen zuenaren parekoa. Human Right Watch erakundeak ere salatu ditu Txinako Gobernua erabiltzen ari den hainbat metodo, besteak beste, gutxiengo kulturalak kontrolatzeko. Kontua da, Txinatik kanpo ere, antzeko praktikak gero eta ohikoago izango direla, guk jakin ez arren.

Erantzun

Sartu