Sustatu logoa Teknologia albisteak

Software libreko lizentzia europarrak edukietarako ere balio du orain

Sustatu
2017-08-10 10:40

Europako Batzordeak duela aste gutxi berritu du EUPL software libreko lizentzia europarra, eta berritasun nagusia da, softwarekoa baino gehiago, era guztietako edukiei dagokien lizentzia librea dela orain.

1.2 bertsioa da argitaratu den bertsio berria, eta Europako Batasuneko egile-eskubide lege guztiekin da bateragarria. Era berean, IKT garapenak egiten dituzten erakunde publikoentzako bereziki lizentzia erabilgarri eta interesgarria da.

Hauek dira EUPL lizentzia berriak dakartzan berrikuntza nagusiak:

  • Irismen handiagoa. Softwareaz gain, datuak, dokumentuak, bereizgarritasun teknikoak eta estandarrak ere kontuan hartzen ditu bertsio berriak. Baita, jakina, "kode iturria", lehen bezala (softwarea bere horretan, alegia).
  • Bateragarritasun handiagoa. Kode eta eduki libreko lizentzia gehiagorekin bateragarria da EUPL 1.2. Horri esker, lizentziak erraztu egin dezake IKT garapenen berrerabilpena: erakunde desberdinek egindako garapenak batetik bestera aplikatzeko aukerak zabalduko dira, eta denbora eta baliabideak aurreztu daitezke horrela.
  • Malgutasun handiagoa. Erabiltzaileek aukera gehiago dute orain lizentzia eranskinekin moldatzeko (muina aldatzen ez den bitartean). Horri esker, eremu jakin batean aplikatu beharreko legedia ere aipa daiteke lizentziari gehituta, adibidez.

EUPL lizentzia 2007an sortu zen, eta 2009an berritu zen lehen aldiz. Orduko hartan, OSI edo Open Source Initiative delakoak ziurtagiria eskaini zion, kode irekiko lizentzia baleko gisa. Bigarren berrikuntza izan da 2017ko 1.2 bertsio hau, edukien gaira jauzi handi bate emanez.

EUPL 1.2 bertsioa, gaztelaniaz, frantsesez eta EBko gainerako hizkuntza ofizialetan, hemen aurki daiteke.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu