Teknologia albisteak

Facebook 2.000 milioi erabiltzailera heldu da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-28 : 09:27

Duela aste batzuk iragartzen genuen Facebook erraldoia marka berria gainditzekotan zegoela. Bada, atzo izan zen eguna. Edo atzo iragarri zuen, bederen, Facebookeko buru den Mark Zuckerbergek albistea: "Gaur goizean Facebook komunitatea 2.000 milioi erabiltzailera iritsi da ofizialki". Erraldoia, gero eta erraldoiago.

"As of this morning, the Facebook community is now officially 2 billion people!" idatzi zuen atzo bertan Facebookeko sortzaile eta ugazabak bere horman: "We're making progress connecting the world, and now let's bring the world closer together, (...) It's an honor to be on this journey with you." (Mundua konektatzeko aurrerapausuak ematen jarraitzen dugu; gerturatu dezagun mundua elkarrekin; ohore bat da bidaia hau zurekin egitea).

Zenbaki handia da Facebookek lortu duena. Zero asko dituena, 2.000.000.000. Munduko populazioaren %30 inguru Facebooken dago, horietako erdia hilero sartzen delarik sare sozialera. Egunero egunero 800 milioi pertsonak #datsegit ematen diote Facebooken argitaratutako edukiren bati. 

2004an sortua, 2012an lortu zituen bere lehen 1.000 milioi erabiltzaileak. Gogoan izan, beste bi sare sozial edo erreminta arrakastatsu ere Facebooken jabogokoak direla, Instagram eta Whatsapp. 

Arrakasta-olatuan surfeatzen jarraitzen duen bitartean, Zuckerbergen sareak pare bat berri ere plazaratu ditu aste honetan bertan. Batetik, zuzeneko bideoen emankizunetan eta telebista saioen produkzioan urrats sendoagoak eman nahi dituela (lehenago Amazonek, Youtubek, Applek edota Netflixek egin duten bezala). 

Bestetik, mezu "desegokiak" ezabatzeko lanetan tinko jarraituko duela; astean 66.000 mezu ezabatuko omen ditu. Irainak eta meatxuak ezabatzeko praktika zuzenak? Edo zentsura? Hortxe sortzen da kezka eta zalantza. Internauta gehienak biltzen dituen sare sozialak, noraino kontrolatzen duen edukia, partekatu dezakeguna, eta jaso dezakeguna. Joan zen astean bertan aipatu genuen Sustatun, nola Facebook-eko Messenger aplikazioaren ahots-deietan, "hizkera debekatua" detektatzeko gauza den Facebook, eta halakorik entzunez gero, deia eteten dizula. Erraldoia gero eta erraldoiago. Eta erraldoiek, sarri asko, beldurra ematen dute.

EGUNERAKETA: Azkenaurreko paragrafoan aipatzen genuenaren haritik, Facebookek iragarri du 2017-2018 denboraldiko Champions League-ko futbol partiduak zuzenean emango dituela Facebooken bertan, Foix Sports katearekin izenpetutako akordio bati esker. Partiduak Estatu Batuetako erabiltzaileentzat bakarrik egongo dira eskuragarri. Lehendik ere beste hainbat kirol ekitaldi bota izan ditu zuzenean Facebookek (herrialde jakin batzuetan), besteak beste, saskibaloia eta baseballa.

Erantzun

Sartu