Ana Morales idazle eta itzultzaileak kontatu zuen joan den astean Twitterren, eta detaile batzuk pribatuan argituta, hona dakarkigu istorioa. Facebook-eko Messenger aplikazioaren ahots-deietan, "hizkera debekatua" detektatzeko gauza da Facebook, eta halakorik entzunez gero, eten egingo dizu deia.
Moralesen bi lagun ziren ahoz berriketan, telefonoz biak, baina dei telefonikoa izan barik, Facebook-eko Messenger txat aplikazioaren ahozko deien funtzioa erabiliz (wifi-arekin bazabiltza, gasturik eragingo ez dizun deia).
Berriketaren une batean, aipatu zuen batek Kopi Luwak motako kafea, munduan den garestiena, zeina horrela ekoitzen den: kafe aleak ematen dizkiote jaten Paradoxurus hermaphroditus izeneko Asiako ugaztun haragijale txikiari, eta honen urdailetik igaro ondoren, animaliaren kakatan osorik agertzen diren kafe-aleak, horietxek dira erabiltzen direnak Kopi Luwak egiteko.
Eta halako batean, prozesu hau lagun batek besteari esplikatzen zion bitartean, deia eten egin zen, eta telefonoetan idatzizko honako mezua agertu zitzaien biei Messenger aplikazioan:
"La llamada ha sido interrumpida por el servidor por haberse pronunciado las palabras ´caca comestible de mono´
Hau da: Deia eten egin da, hitz hauek esan dituzuelako, "tximu-kaka jangarria".
Ana Moralesek komentatu zuen bezala, kasuak pentsatzeko ematen du, batetik aurrerakuntza teknologia noraino iristen den, non ahozko prozesamendua ikaragarri aurreratu den, eta bestetik, plataforma teknologikoen zentsura asmoak eta gaitasunak ikaragarriak direlako. Izan ere, bila aritu gara ea ahotsezko mezuen zentsura kasurik inork aipatu duen Facebook-i buruz, eta ez dirudi, ez, halakorik ingelesez inork aipatu duenik (ez dugu ezer aurkitu Googlen). Akaso Espainian eta gatzelaniarekin ari dira testak egiten?
Salaketak egon izan dira, Facebook aplikazio bidez "beti" entzuten dizula, eta hori erabili izan duela iragarkiak zugana bideratzeko. Baina kasu horretan aipatzen den soluzioa (adibidez artikulu honetan), zera da, "mikrofono baimena" kendu aplikazioari. Kontua da... horrela eginez gero, ahozko berriketak ere eten egingo dira, ezta? Tira, oraingoz baliteke nazioarteko hizkuntza batzuekin gertatzea arazoa (gaztelania, ingelesa, auskalo...) baina ahozko euskara ulertzeko gaitasunik ez dugu uste dutenik. Hala ere, itzulpen automatikoan euskararekin ere ari direla kontatu izan dugu Sustatun.
Bestalde, hitzezko txat aplikazioetan berba jakin batzuk ez erabiltzeko trabak egon badaudela badakigu. Facebook-eko adibideak salatu izan dira, eta batzuetan euskarari ere aplikatzen zaizkio arau absurdo batzuk: Habbo Hotel aplikazioaren kasu bitxia ere kontatu zuen Ana Moralesek, Kopi Luwak auziaren haritik.
Erantzun
Sartu