Teknologia albisteak

Facebook, sareko erraldoia, 2.000 milioi erabiltzailera heltzekotan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-05-12 : 10:50

Facebooken datuak gero eta ikaragarriagoak dira. Aurten bertan, gutxi barru, 2.000 milioi erabiltzailera iritsiko da. %17 igo da iaztik hona. Une honetan, gure planetako biztanleen %30ak kontua dauka Facebooken. Zuckerbergek doministiku egin, eta 2.000 miloi pertsona enteratuko dira. Horretaz, edo Zuckerbergek nahi duen hartaz.

"Facebookek ez du ezertarako balio". "Ni ez naiz sartzen". "Facebook aspergarria da". Sarri entzungo ditugu horrelakoak. Baina errealitatea... beste bat da. Interneten eta sare sozialen garaian, Facebook da "Sare Soziala", hizki larriz. Iaztik hona %17 igo da, eta 2.000 milioi erabiltzailera iritsiko da aurten bertan. Interneteko ohiko erabiltzaileen artean %80ak dauka Facebook kontua, eta hilero 1.1 milioi erabiltzaile aktibo ditu Zuckerbergen plataformak.

Horri gaineratu behar zaio, azkenaldian gehien hazi diren sare sozialen artean Instagram ere badagoela, hori ere Facebooken jabegokoa.

Internetek, gaur egun ezagutzen dugun moduan, 20 urte inguru ditu. Bill Gatesen Microsoftek (PC/Windows/Explorer) dominatu zuen Interneta hamarkada luze batez; Google-rena izan da nagusitasuna azkenaldian (bilatzailea + Android binomioari esker). Baina aste honetan bertan irakurri dugun bezala, beharbada etorkizuna ez da Googlerena izango. Merkatuak (eta erabiltzaileon ohiturek) beste norabide batera eramango dute sarea; izan ere, dagoeneko bagoaz harantz. Eta etorkizun horretan, Facebook izango da, jakina, izen nagusietako bat (Amazon ahaztu gabe).

Facebook, historia laburra

  • 2004. 4 ikaslek sortu zuten, "The Facebook", funtsean AEBko unibertsitate ikasleentzat sare sozial bat zena (nor da nor moduko bat). Urte amaierarako milioi bat erabiltzaile zituen jada.
  • 2005. Orain duen izena eta domeinua hartu zituen, facebook.com. Nazioarteko unibertsitateetara ere hedatzen da eta 6 milioi erabiltzailera helduko da.
  • 2006. Ikasleak ez ezik, herritar ororentzat irekiko da. 12 milioi erabiltzaile.
  • 2007. Iragarkiak, bideoak, mugikorretarako egokitzapenak,... hazkunde urtea.
  • 2008. Espainierako bertsioa agertuko da. Eta iPhonerako aplikazioa. 150 milioi erabiltzaile.
  • 2009. "Like"botoia jaioko da. Plataforma %100 haziko da: 360 milioi erabiltzaile.
  • 2010-2012. Hazten jarraituko du etengabe. 2012ko urrian 1000 milioi erabiltzaile ditu. Konpainiak Instagram erosiko du eta burtsan kotizatzen hasiko da.
  • 2014. Facebookek Whatsapp eta Oculus erosiko ditu. 
  • 2015. Messenger aplikazioa argitaratuko da. Bideoa zuzenean emititzeko aukera ere gaituko da.
  • 2016. 1.860 milioi erabiltzaile. Facebookek sare sozialak (eta Internet osoaren pusketa handi bat) bereganatu ditu. Hilero 1000 milioi erabiltzaile konektatzen dira Facebookera.
  • 2017-2020. Noraino iritsiko da?

 

 

Erantzun

Sartu