Teknologia albisteak

5.000 milioi mugikor-erabiltzaile gure planetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-03-01 : 08:48

Aurtengo honetan langa sinbolikoa gaindituko dugu terrikolok: 2017a amaitu aurretik, 5.000 milioi pertsona egongo dira konektatuta mugikor bidez. Telefono mugikorren inguruko ikerketak egiten dituen GSMA erakundeak emandako datua da. Pixkat urrunago ere joan da: 2020. urterako, munduko populazioaren %75a egongo da konektatuta mugikor baten bidez. Bartzelonan izaten ari den Mobile World Congressen eman dituzte datuok.

Hala da, bai. Mugikorra daukaten erabiltzaileen kopuruak 5.000 milioiko langa gaindituko du aurten. Gure planetan bizi garen 7.500 milioi pertsonen artean 5.000 milioik mugikor konexioa izango du urtea amaitu aurretik, GSMAk zabaldutako ikerketaren arabera. Hazkunde handiena, gainera, garapen bidean dauden herrialde pobreenetan gertatuko da. Garai batean herrialde aberatsena zena (sakelakoa izatea), gero eta arruntagoa da mundu guztian barrena. 3.600 milioi mugikor-erabiltzaile daude garapen bidean dauden herrialdeetan. 

Hazkunde handiena Asian ari da gertatzen eta, batez ere, Indian (datozen 3 urteotan 310 milioi erabiltzaile berri izango ditu Indiak). 

Zenbaki erraldoiak dira, eta hurrengo urteetarako aurreikuspenak ere maginitude berekoak izango dira, jakina. 2020. urterako planetako biztanleen %75 inguruk izango omen du mugikorra (5.700 milioi pertsonak). 

Kopuru hori erabiltzaileena da. Telefono mugikor kopurua are handiagoa da. Urte amaierarako ia-ia 10.000 milioi mugikor egongo dira gure planetan. Lurtarrak baino dexente mugikor gehiago.

Horiek eta beste hainbat datu ari dira zabaltzen azken egunotan Bartzelonan izaten ari den Mobile World Congressen. Telefono mugikorren inguruko industria biltzen duen kongresu nagusienetako bat. Ondorengo grafikoa ere zabaldu du Bartzelonan den Vala Afshar kazetari IKTetan adituak., egungo konektibitate-datu globalekin. 

3G konexiotik 5G konexiorako bidean

Konexioari dagokionez ere, aldaketak arrapaladan ari dira gertatzen (joan zen astean bertan aipatu ditugu konexio kontuak Sustatun bertan). Dagoeneko munduko mugikorren %55ak 3G konexioa dauka eta 4G konexioa ere gero eta arruntagoa da (une honetan erabiltzaileen %21ak dauka). Munduko 188 herrialdetan dago zabalduta dagoeneko 4G sarea, eta estaldura ere populazioaren %60 ingururaino heltzen da. 2020. urterako mugikor-konexioen %75 inguru izango da 3G motatakoa edo hobea.

Hobekuntza horretan, 5G konexio-mota berriak izango duen garapenak ere erabat aldatu dezake egungo egoera. 4G konexioa baino 10 aldiz bizkorragoa izango da eta HD kalitateko film osoa segundu bakar batean deskargatzeko aukera emango digu. 2020. urterako konexio mota berri hau ere gure esku izango dugu herrialde garatuenetako mugikor erabiltzaileok.

.............

Goiburuko argazkia: Wikipedia.

Erantzun

Sartu