Teknologia albisteak

Mugikorretako konexio-ikurren esanahia zein den: G, E, 3G, H+, 4G...

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-02-23 : 08:46

Sakelakoa eskuan hartu eta hantxe ikusiko ditugu, batzuetan bat eta beste batzuetan beste bat, keinuka. Orain 3G, orain H+, hurrengoan E,... Une horretan daukazun konexioaren berri ematen dizute ikur horiek. Hona hemen zer esan nahi duen ikurretako bakoitzak eta zein nabigazio-abiadura adierazten duten (eta zer egiteko aukera ematen diguten: bakarrik testu-mezuak idatzi, edo baita sareko musika entzun eta aplikazioak deskargatu, edo baita Youtubeko bideoak ikusi ere,...). 

Eguneroko kontua izan arren, gutxitan jartzen dugu harreta gure mugikorrean ikusten ditugun ikur hauetan. Ikur edo hizki horiek konexio-modua adierazten dute eta, azken batean, estalduraren eta konexio-abiaduraren berri emango digute. Konexio-teknologia ezberdinak garatu ahala, konexio horren abiadura eta datuak transmititzeko gaitasuna ere handitzen joan dira urteetan barrena, eta aipatutako ikurrek horixe adierazten dute, hain zuzen ere: une horretan daukagun estalduraren arabera, zein motatako konexioa (eta abiadura) daukagun. 

Konexio moten laburpen-taula eta historia Wikipedian aurkituko duzu zabal eta zehatz. Baina laburbilduz, eta mugikor erabiltzaile moduan, hauxe esan nahi du sakelakoan aurkituko ditugun ikonoetako bakoitzak (oharra: mugikorraren arabera, baliteke ikur batzuk ez agertzea, edo horien ordezkoren bat agertzea):

G ikurra

GPRS (General Packet Radio Service) siglen laburdura da. Hauxe da konexio-mota zaharrena eta mantsoena (56-114 Kb/s). 2G konexioaren familiakoa litzateke. Testu-mezuak trukatzeko nahikoa (Telegram edo Whatsapp erabili ditzakegu), baina hortik gorakorik ezingo dugu lortu.

E ikurra

EDGE (Enhanced Data Rates for GSM Evolution) siglen laburdura. GPRS aurreratua dela esan ohi da, 2G eta 3G teknologien arteko zubia, nolabait esateko. G konexioa baino azkarragoa da (400 Kb/s lortu ditzake), baina oraindik ere makalegia Interneten eroso nabigatzeko; webgune batera sartzea, esate baterako, segundu luzeetako lana izan daiteke.

3G ikurra

Hirugarren belaunaldiko teknologia da, eta hortik 3G izena. GSM estandarretan dago oinarrituta. Aurrekoak baino azkarragoa da eta Interneten eroso nabigatzeko aukera ematen digu. Webguneak bisitatzeaz gain, musika ere entzun dezakegu Internet bidez.

H ikurra

HSPA (High speed Packet Access) siglen laburdura. 3G teknologiaren bertsio hobetua da eta, horregatik, konexio-abiadura ere handiagoa da (14 Mb/s jaisteko eta 5.76 Mb/s igotzeko, maximo bezala). Teknologia hau nahikoa izan daiteke, kasurik gehienetan, Youtuben sartu eta bideoak ikusteko, edota Aplikazioak deskargatzeko.

H+ ikurra

Aurrekoaren garapen edo hobekuntza bat, are bizkorragoa eta arinagoa. 3G++ ikurraren bidez ere adierazten da batzuetan. 4G konexiorik ez dagoen lekuetan (edo onartzen ez duten mugikorretan), hauxe da lortu dezakegun konexiorik bizkorrena (22 Mb/s igotzeko; 84 Mb/s jaisteko). Esan bezala, aurrekoa baino zertxobait azkarragoa da eta, ondorioz, Internet bidez egin nahi dugun ia edozer egiteko aukera daukagu H+ konexioa gaitzen denean: fitxategi astunak transferitu, filmak kalitate onean eta mozketarik gabe ikusi, eta abar.

4G ikurra

Azken belaunaldiko konexioa, 4. belaunaldikoa, alegia. Hauxe da gaur egun gure mugikorrekin lortu dezakegun konexiorik onena eta bizkorrena. LTE (Long Term Evolution) izenez ere ezagutzen da. Gure etxeetako Wifi konexioaren parekoa da, gutxi gora-behera eta abiadura-tasa handiak lortzen ditu: 150 Mb/s jaisteko eta 50 Mb/s igotzeko, maximo bezala. Filmak HD kalitatean ikusi ahalko ditugu, sareko jokoetan jokatu,... azken batean, gaur egun egin daitekeen edozer.

Erantzun

Sartu