Gaur 40 urte (1976ko azaroaren 7an) hil zen Urepelen, bere jaioterrian, Fernando Aire Xalbador bertsolaria, 56 urte zituelarik. Bere garaiko bertsolaririk handi eta ezagunena, idatzizko lanak ere utzi zituen. 40 urteren ondoren, bere itzala oraindik ere luzea da, bertsolariak euskal kulturan utzi zuen aztarrenaren erakusgarri.
Xalbador, jaiotzako izen-deiturez Fernando Aire Etxart (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a - 1976ko azaroaren 7a) bertsolaria eta artzaina izan zen. Bertsolari liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai. Mattinekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsozaleak elkartu zituen. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) bertso bildumak eman zituen argitara. Zorigaitzez, 1976ko azaroaren 7an Urepele bere jaioterrian ospatu zitzaion omenaldi-egunean bihotzekoak jota hil zen. Euskaltzain ohorezko izendatu zuten 1977an.
Xalbador, izana eta izena dokumentalean bildu zuten 2014an bertsolariaren bizitza. Eneko Dorronsorok zuzendua, bertan Xalbadorren bizitza kontatzen dute bere lau seme-alabek.
Xalbador Dokumental Trailer from Zizelka / Eneko Dorronsoro on Vimeo.
Bere garaiko bertsolari txapelketa eta sariketa gehien-gehienetan parte hartu zuen. 1946tik 1960ra bitartean, Hego Euskal Herriko bertso saioetako asko irabazi zituen. 1960ko Bertsolari Txapelketa Nagusian hirugarren izan zen; 1962 eta 1965ekoetan, hirugarren; eta 1967koan, bigarren. Azken urte horretan, txapelketa horretako historian izan den gertakari ospetsuenetako baten protagonista izan zen, gainera.
Behin ikus-entzuleak aulkietan eseri eta epaileak mahaian jarri ondoren, Alfonso Irigoienek epaimahaikideen erabakien emaitza irakurri zuen: Xalbador bertsolaria, Uztapiderekin batera, txapelaren bila lehiatzeko azken fasera iragan zela.
Une hartan, ikus-entzuleen oihu eta txistuek Anoeta pilotalekuko giroa minutu erdiz gaiztotu zuten. Jada desadostasun adierazpenak apaltzen zihoazelarik, berriz ere entzun ziren txalo zaparradekin nahasitako txistuak eta zalaparta. Uztapide eta Xalbador bertsolariak, mikrofonoen aurrean, isilik ziren. Ikuslegoa bitan banaturik zegoen: txistuek txaloak isilarazten zituztela zirudienean, Xalbadorren aldekoak zutik jarri eta beren bertsolariari txalo egin zioten. Epaimahaiko kide batek bertsolariei saioa hasteko eskatu zien, baina biek ala biek isilik iraun zuten aldi batez. Azkenean, Uztapidek, oihu eta uluen erdian, aurkezpen bertsoa bota zuen.
Ondoren Xalbadorren txanda iritsi zen, baina hark bere saioa hasterako txistu nahiz txalo ugari entzun ziren, atzera. Azkenean, ikus-entzuleen hotsa baretu zen, eta urepeldarrak bertso gogoangarri eta hunkigarri honi ekin zion:
« Anai-arrebok, ez, otoi, pentsa
neu're gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat ez nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik. »
«Zuek ezpazerate kontentu, errua ez daukat nik» esaldira heltzean, bat-bateko txaloaldia sekulakoa izan zen, bertsolariaren jarduna eten zuen puska batean, azken bi lerroak bota baino lehen. Bertso horrekin, Xalbadorrek ikus-entzuleen artean sortuak ziren bi muturretako jendea elkartzea lortu zuen.
Iturria: Wikipedia.
Bada beste dokumental eder bat, gauza batzuetan Eneko Dorronsororen lanaren antza duena. Laburragoa da eta jende gutxi ezagutzen du: Xalbador Gaztain Kormutxa (kormutsa=morkotsa, lakatza, gaztainaren kanpoko azal arantzatsua).
http://www.filmotecavasca.com/eu/xalbador-gaztain-kormutxa