Lehendik nahikoa ez, eta datozen egunotan beste 72 emotikono berri joango zaizkigu agertzen gure gailuetan. Halaxe iragarri du duela egun batzuk Unicode konsortzioak, karaktereen eta ikurren estandarizazioa gidatzen duen erakundeak. Horien artean daude, besteak beste, pailazoa, judoka, gorila, motorra, saguzarra, eta abar.
Unicode Konsortzioa da gure gailuetan egunero erabiltzen ditugun karaktere, hizki, ikur eta antzekoak zehazten eta onartzen dituen erakundea. Karaktereen kodifikazioaren estandarrak ezartzen dituena, alegia. Azken batean, gure teklatuetako letrak eta ikurrak zeintzuk diren zehazten duena, gailu guztietan egoki ikus ditezen, alfabeto guztietan, eta nabigatzeko orduan arazorik sortu barik.
Duela egun batzuk iragarri du bere azken bertsioa prest dagoela, Unicode 9.0 bertsioa, 128.172 karaktere ofizialekin. Bertsio honetan 7.500 karaktere berri gehitu dira, tartean hizkuntza gutxitu batzuetarako egokitu direnak (Nepaleko bhasa hizkuntza, Afrikako fulani hizkuntzen multzoa, arabieraren Warsh ortografia, eta abar).
Guri dagokigunez, emotikono berriak izango dira berrikuntza nabarmenena. Guztira 72 emotikono berri dira onartu direnak, nahiz eta kolore ezberdinak kontuan hartuz gehitxoago diren, 167 zehatz esateko. Tartean daude hainbat aurpegi (face palm edo ai ene! delakoa, pinotxo sudurluzea, pailazoa, gizon dantzaria,...), animaliak (gorila, saguzarra, muskerra, tximeleta,...), kirolak (judoa, waterpoloa, eskubaloia,...) eta janariak (azenarioa, kiwia, ogia,...).
Unicode kontsortzioak onartu ondoren, gutxinaka-gutxinaka gure gailu eta aplikazio guztietan hasiko dira azaltzen, eguneraketak hedatzen eta instalatzen joan ahala.
Emotikonoen eboluzioa eta historia ezagutu nahi baduzue, hementxe duzue emotikono ofizial guztien zerrenda eta bilakaera, 1995ean lehenengoak onartu zirenetik, azken eguneraketa honetan onartu direnak arte. Guztira 1800 inguru dira, horietatik erdia inguru (994) 2010eko Unicode 6.0 bertsioan onartutakoak, eguneraketa garrantzitsuena izan zena.