Ana Morales itzultzaileak asteburuan gertatu zitzaion gertaera baten berri eman du Twitterren. Iruzurgile bat dabilela, nafarra itxuraz, euskarazko iruzur nahiko landu batekin Bizkaiko herrietan bueltan. Beste txiolari batzuek ere topatu dute pertsonaia.
Moralesen txioetatik, kontakizun hau atera dugu:
Gauza sinesgaitz bat gertatu zait gaur Leioan. Iluntzean paseatzen nenbilela herritik,bat-batean norbaitek deitu dit:
- "Aizu" (euskaraz).
Buelta eman eta mutil handi potolo bat.
- "Euskaraz badakizu?".
Nik baietz.
- "Bai, ulertzen didazu?"
Baietz nik. Oso larrituta zegoen, negarrez. Ia ezin zuen berbarik egin. Lasaitzeko esan diot, ea zer duen.
Esan dit Iruritakoa dela, eta praktikak egiten dabilela Lamiakoko enpresa batean. Hilean larunbat batean etortzea tokatzen zaiola; eta etorri dela, eta amaitu duenean metrora joan dela eta konturatu makutoa lantokian utzi duela. Kartera, dirua, mugikorra eta dena han, eta astelehena arte han inor ere ez. Irunera joan behar zela eta handik Iruritara, eta dirurik ez. Udaltzainengana joan dela eta telefonoz deitzen utzi diotela, baina amona zaharragaz bizi dela era hark entzun ez. Labur esanda: dirua behar zuen.
Nik ez neukan karterarik, baina esan diot etxera joango nintzela eta hartuko nuela. Joan naiz, bera atarian utzita. Hartu dut eta jaitsi naiz. 70 euro neuzkan. Esan diot ea horrekin nahikoa zuen, eta hasi da kontuak egiten:
- "Bai, 70 edo 80rekin..."
Orduan paretik bikote bat pasatu da. Eta mutila begira-begira geratu zaio: "Nik ezagutzen zaitut. Ez nauzu ezagutzen?" Iruritarrak ezetz, ez duela ezagutzen. "Bai, zu Joseba zara". Niri ere Joseba izena zuela esan dit lehenago, baina, nire harridurarako, diotso:
- "Ez, Denis".
Eta besteak:"Nongoa zara?" Eta besteak: "Elizondokoa". Ni aho zabalik. Besteak "Zuk niri dirua zor didazu!" Iruritar ohia oilartxo eta aldarrika jarri da (erdarara pasata):
- "¿Que yo te debo dinero?"
Ta beste mutilak niri: "Zuri zer egin dizu?" Ta nik: "Ba zuri egindako gauza bera uste dut". Ta nafar azkarrak orduan buelta eman du, zezen bat eginda, eta pasaeran ostia bat eman dio trafiko seinale bati.
Eta han geratu gara beste hirurok aho zabalik. Ez genuen elkar ezagutzen, gure elkargunea zen timatzaile euskaldun beraren biktima euskaldunak izatea. Baina zenbat probabilitate zeuden topo egiteko? Bueno, ba, minutu batzuk eman ditu komentatzen, lasaitzen (super urduri ginen, bestea biolento jarri delako). Eskertu diet, geure burua aurkeztu dugu eta joan gara. Niri paseoa moztu zait, eta urduri nengoenez, ahizpari deitu diot kafe bat hartzeko. Etorri dira ahizpa bi eta kontatu diet. Harritu gara, barre egin dugu, bla-bla eta bakoitza bere etxera. Neurera heldu ta mobilak jo. Ahizpa kotxean zegoela zebrabide batean geratu da ta bat-batean norbaitek leihatilan tok-tok:
- "Euskaraz badakizu?"
Ez dut argitu behar nor zen... BAZTANDAR BIXIA.
Ana Moralesek kontatuko txioek zenbait erantzun izan dituzte. Eta hainbat kontu irten dira hor. Delako baztandar hau, adibidez, atzo Berango eta Getxo aldean ere ikusi zutela, Leioatik ez oso urruti. "Japoniarraren iruzurra", esan omen zaio era honetako iruzurrari, hizkera bitxiko pertsona larrituarekin errukitzeko joera dugulako askok. Baina, nonbait, Euskal Herrian, enpatiagatik edo, euskaraz jardutea amu eraginkorra da. Gipuzkoan bizkaieraz egiten duen iruzurgilerik detektatu omen da, baina talde zabalago bat kontu berarekin duela urte batzuk Bilbon... Bilboko kasuen artean, emakumezko iruzurgilea ere bai, Santutxu auzoan.
Beraz, adi lagunok.
Niri holako zerbait gertatu zitzaidan ere duela urte batzuk; Lisboan eta ingelesez ordea. irlandar bat oporretan kartera lapurtu ziotela eta kalean lotan zebila eta. Kutxazain baten ondoan harrapatu zidan eta amua irentsi nuen, nere datuak emateko, dirua bueltatuko zidala etxera iritsi bezain laster. Ez naiz ondo gogoratzen baina 50 bat euro lapurtuko zizkidan trikimailu honen bidez eta noski ez nuen bere berri gehio izan. Dirudienez iruzur unibertsala omen da beraz ez fidatu. Gero otsoaren eta ardien istorian bezala gertatuko, da egia denean egoera larri bat pairatzen ari denean/garenean inork ez dioela/digula laguntzarik eskeiniko.
Nik ere egin nuen topo gizon horrekin. Iazko azaroaren 23an Boluetako metro geltoki inguruan ibili zen eta karteran neukan 50€ koa eman nion. Handik bi egunera zen itzultzekoa eta ez zen azaldu.
Kontu berdin berdina, fabrika batean gaueko erreleboan zebilela, poltsa eta dena bertan ahaztu zituela, etxera itzuli nahi zuela...
Telefono zenbaki bat eman zidan ta ni horrek lasaitu ninduen. Zenbakia faltsua zen ordea edo inork ez du hartzen behintzat.
Kaixo, niri ere berdina gertatu zitzaidan iaz Bilbon eta Donestebera itzultzeko 25€ "utzi" nizkion, hurrengo astelehenean toki berean ikusiko ginela eta dirua bueltan emango zidala esanez. Niri ahaztu egin zitzaidan bertatik pasatzea eta orain dela gutxi arte ez dut jakin iruzurra izango zen ala ez.
Aurten bikoteari berdina gertatu zaio gasteizen eta beste 25€ bere poltsikora.
Gure ezagun batek ere berarekin topo egin du zamudion eta berdina.
Adi guztiok eta zuen konfiantzaren bila badator ea noizbat bere argazkiren bat edo izena lortzen dugun.
Kaixo,
Ba neuri be aurreko astelehenean, apirilaren 4ean, Bilboko Marques del Puerto kalean horixe pasau jaten. Josebarekin topo eiteko "suberti" euki neban, eta haren negarrak, urduritasunak, estutasunak unkitu egin ninduten, ta nik beste 50€ emon neutzezan.
Etxekoei esperientzia kontau neutzenean, iruzurra zala konturatu nintzen, ahiztieri oin dala lau bat urte, kontu beragaz tipo bat jun jakola esan euztanean, eta atzo Deiako artikulo batengatik barri hau jaso nebanien, ba guztiz argitute geratu da.
Holako egoerek Aitorrek dinon moduen, mesfidantza sortzen dabe; eta inoiz inor benetako laguntza eskatzera urratzen danean zalantzak etorriko jakuz.
Nik bart ikusi nuen, Galdakaon.
Anaren tuitak en directo irakurrita, testu hau eta jendearen testimonioak irakurrita... Imajinatzen ibili naiz astean zehar ea zelan jokatu timatzailea agertuko balitzait.... "Lortu behar dot bere argazkia eta Tuiterrera igo" eta "bere ipuina errebenatuko dotzet kontatu aurretik, flipatuta geratu daiten..."
Total, atzo berarekin topatu, sudadera laranja ta guzti...
-Aizu barkatu, badakizu euskaraz...? baina badakizu euskaraz?
Eta nik zuzenean:
-Zu Joseba zara, dirurik ez daukana etxera bueltatzeko?
-Ez, ni Denis! (oso urduri...)
-Ah, Denis? jaja, benetan Denis? Bueno eta zer nehi zenuen?
-Eh... ba... ea sua bazeneukan...
Zigarroa piztu eta alde egin zuen...
Pena, urduritxo jarri nintzen eta barregura sartu zitzaidan, ezin rolloa jarraitu apurtxo bat gehiago... Arinegi ebaki nion ipuina, ezin argazkia egin.
Amaitu zaio txolloa...
Bide batez, lagunarteko whatsapean elkarbanatu dodanean, lagun batek esan du duela bospasei urte berari egin ziola. Tipo berberak. Badauka karrera gure JosebaDenis Brekaing Basquek
Ba, hau irakurrita, zalantzarik gabe tipo hori bera Gasteizko campusean ere ibili da. Gutxienez lankide bati eta biori gerturatu zitzaigun, norberari bere aldetik. Urri aldean izan zela esango nuke. Hark esandakoak, oso oso antzekoak: fabrikaren batean gaueko txandan egiten zuela lan, goizean lanetik atera zela poltsa eta dirua bertan utzita, ez zuela lantokiko giltzarik, ezta bertara sartzeko modurik ere, eta ea dirua utziko nion etxera bueltatu ahal izateko. Niri ere euskaldun izate horrekin bota zidan amua, eta bai, baztandarra zela esango nuke.