Teknologia albisteak
1

Zinemaldia, 19 film benetan gomendagarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Ortiz / Kulturaldia / cc-by
2015-09-17 : 11:16

Kulturaldia agerkarian agertu zen Iñaki Ortiz kritikariaren gomendio sorta hau gazteleraz: hona ekarri dugu, euskaraturik, Kulturaldiaren cc-by lizentziari esker. Donostiako Zinemaldian agertuko diren film interesgarri batzuen inguruko pistak.

Donostiako Zinemaldian film interesgarri asko daude, publiko desberdinentzako modukoak. Bakoitzak bereak aurkitu beharko ditu. Nik hemen batzuk bakarrik gomendatuko ditut, baina programa ondo estudiatzeko gomendatzen dizuet. Ikusle bakoitza mundu bat da, eta filmak oso desberdinak direnez, lau multzo baldar samar osatuko ditut nik. Nolanahi ere, nik guztiak gomendatzen ditut.

'Kultureta' estilokoak


Era honetako filmak aipatzea komeni zaizue, Tabakalera berriko espazioren bat bisitatu behar baduzue. Batzuetan geldoak dira, inoiz konplikatu samarrak, baina sartu filmetan, eta gozatuko duzue (nahiz eta horretaz beharbada egun batzuen buruan konturatu).

"Son of Saul", Cannes-en sari asko ikusitakoa. Zuzendariak ez zuen izenik orain arte (Laszlo Nemes), baina sorpresa eman zuen. Kontzentrazio eremy batean gertatzen da istorioa, baina modu ez ohikoan kontatua dago, forma eskisitoarekin, diotenez. Ezagunagoa gure artean Terence Davies dugu. Zinemaldiak atzera-begirakoa eskaini izan dio iraganean, eta bere azken filma lehiaketan ere izan zuen duela urte gutxi, "The Deep Blue Sea". Edizio honetan, plater nagusietako bat da Davies-en "Sunset song". Egikeran eta edukian, primerakoa. Kontuz agian luze samarra omen da eta.

Ahotan harro erabiltzeko beste izen bat Jia Zhang-Ke da, Txinako une honetako zuzendari entzutetsuena. "Mountains may depart" berriarekin, bide lasaiagoetatik abiatu da, alderatuz gero aurrekoarekin, A Touch of Sin. Baina ez kezkatu, ez da lehen egin ohi zuen adreilu-zinema (adreilu interegsarriak egiten zituen arren). Gaurko Txinaren kritika soziala, metafora gisa.

Beti utzi behar da tokia aukera 'indie'agoentzat, eta Sundance-n irabazi zuen filma hemen dugu: "Me and Earl and the dying girl". Film gazte, pop bat, Wes Andersonek utzitako angular zabalarekin egina, eta halako filmetan ohikoa den doinu azido ez-mingarriarekin. Ile-apaindegian komentatzeko ideala. Zabaltegi atalean, berriz, "Francofonia", Alexander Sokurov-en dokumentala. Aurreko dokumentalean zuzendari hau Hermitagen barneratu zen, eta oraingoan Louvren. Veneziatik igaro berri da, eta gauzak onak kontatu dituzte. Zer gauza kulturetagoa, museo bati buruzko filma baino.

Zine komertziala


Zinemaldiaren barruan izan daitekeen komertzialtasunaren neurrietan, noski, ez espero "Transformers" berria. Baina badago aukerarik thriller, komedia eta zientzia fikziozko pieza on bat ikusteko. Zine entretenigarria austergiak ez direnentzat, baina kalitatezkoa, noski.

Niri lehen aldia gertatzen zaidana: Gehien ikusi nahi dudan filma sail ofizialean dago, "High Rise", zientzia fikzioaren erreferentzia den J.G. Ballard-en eleberri batean oinarritua (artikulu honen irudi nagusia, film horretkoa da). Zuzendaria Ben Wheatley da, egile britainiar gazte eta mugitua, bere belaunaldian toki aurkitzen ari dena. Jeremy Irons, Sienna Miller, Tom -Loki- Hiddleston... Ezin du hutsik egin. Bestalde, ohikoa bihurtu zaigun Denis Villeneuve ere badago aurten. Bi mailatan mugitzen da zuzendari hau: komertzialean eta esperimentalean. Orain komertziala tokatzen da "Sicario"-rekin, drogak mugan (ez Irungoan, Mexikokoan baizik). Protagonistak, Benicio del Toro eta Josh Brolin.

Eta FBIren kontu gehiago thriller on batean: "Black mass", Johnny Depp eta Benedict Cumberbatch-ekin. Andereñoak, ondo portatu. Depp ez da ezeren garantia aspalditik, baina badirudi gogoa duela berriro antzezteko, ez bakarrik makillatzeko. Ondo egina eta entretenitua izango da, hori seguru. Sail ofizialean animazio japoniarra ere badugu, historian lehen aldiz: "The boy and the beast", Anime zinemako sortzaile handienetako baten eskutik, Mamoru Hosoda. Gauzak hauek, esan gabe doa, ez dira (bakarrik) gazteenentzako. Fantasia eta abenturak guztientzako.



Ni ez naiz Amenabarren fan handiena, baina "artisau" ona da, eta badakit zuek gogoko duzuela, beraz gomendatu egingo dut "Regression", non Ethan Hawke eta Emma Watson dauden. Thriller psikologikoa, ea ez den 1990ko hamarkadan kateatua geratu. Eta lerdokeria irudituko zaizue, baina nik gogoa dut ikusteko Mario Casas "Mi gran noche"-n Bisbalen eran kantari. Alex de la Iglesiaren azken komedia alegia, Raphael neurriz gaindikoarekin, titulurako DJ indie-k dakiten haren kantu bakarra aukeratu duelarik. Umore koipetsua, zabarkeria eta ukitu bisual bikainak nahastuz, Bilboko zuzendari maitearen estilo horretan.

Arraroak


Hauek dira nire gomendio faboritoak. Meritua du Zinemaldira joateak esateko martzianokeria bat ikusi duzula. Kuriositatearen eta oso bitxiaren artean dabiltza hauek, denak onak, noski.

Animaziokoa da adibidez "Anomalisa", stop motion eran egina. Ez da txikienentzat. Twitterren esan du batek sekula egin den cunnilingus eszena onena duela. Charlie Kaufman-en azken zoramena da. Gidoilari bezala destakatu izan da Kaufman "Eternal Sunshine of the Spotless Mind" eta "Being John Malkovich" jeinuzko filmetan.

Horizontes Latinos saila irekitzeko Pablo Larrain dugu, "No" film handia zuzendu zuena. Oraingoan "El club" dakarkigu, istorio arraro bat, baina kritika onak eragin dituena eta seguru amaierara arte atento izango gaituena. "Evolution", bestalde, Lucile Hadzihalilovic-en film berria da, barne-mundu konplexua duen zuzendaria, deitura horren tamainakoa. Filmean, isla misteriotsu bat, non bakarrik emakumezkoak eta nerabeak bizi diren. Eta uharte misteriotsutik hoazen orain Amazonas barrura, non txaman batek bi esploratzailerekin egingo duen topo "El abrazo de la serpiente" filmean. Magia bisualak seduzituko zaitu fiolm honetan, pazientzia pixkatekin.

Principe aretoko señorak


Ezin da aipamenik gabe utzi hiri honetako zutarri zinematografikoa: Principe aretoko señorak. Alfonbra gorria merezi dute hauek ere, eta Zinemaldian seguru naiz hauekin gozatu egingo dutela.

Izan daiteke Zinemaldirik Koreeda-rik gabe? "Our little sister" drama familiarra da, bere estilo ohikoan: delikatua, sofistikatua. Familia barriko sekretu eta emozio isilaraziak. Sustorik gabe. Pixkat gogorragoa izango da "Freeheld": bi emakume, Julianne Moore eta Ellen Page, bikote gisa dituzten eskubideen alde borrokan, egoera dramatiko batean. Benetako gertaerak oinarrian, antzezle onak eta konpromisoa istorioan. Ez diot Julianne Moore-ri Donostia saria eman, baina Zilarrezko Maskorrarekin.

Cesc Gay-ren istorio txikiek erakarri egiten naute: jende normala ageri da, grazia dute komedia izan gabe, emotiboak dira dramatikoak izan gabe. Aurtengo pieza "Truman" da, Ricardo Darín eta Javier Cámara tandem onarekin. Eta amaitzeko, ezinbestekoa, Woody Allen-en azkena, "Irrational Man". Oraingoan ez da komedia, baizik eta drama sendo bat, misterio ukituekin, bikote bikain bat delarik protafonista: Joaquín Phoenix eta Emma Stone. Irteeran betikoa esango dugu: ez da Allenen onenetakoa. Eta hala ere film ona izango da.

Erantzunak

2015-09-17 : 17:41

Eskaera bat: gomendatzen dituzuen filmen zerrenda ondo legoke sarrerak salgai jarri (eta agortu) baino lehen argitaratzea. Alferrik da orain pelikula bat gomendatzea sarrerak ez daudenean...

Erantzun

Sartu