Teknologia albisteak

Zinemira atalean gomendatu daitezkeenak (Zinemaldia)

Erabiltzailearen aurpegia
Gaizka Izagirre / Argia / cc-by-sa
2015-09-16 : 18:57

Gaizka Izagirrek Zinemaldiko ohiz kanpoko sailen errepasoa egin du, Zinemaldiaren B aldetik gomendio batzuk egiteko. Horien artean, Zinemira euskal ataleko batzuk gomendatu ditu, eta horiek ekarri ditugu hona, Argian Izagirrek duen blogaren CC-by-sa lizentziari esker.

Euskal zinemari eskainitako saila da Zinemira. Donostia Zinemaldiko programazioaren barruan mundu mailan estreinatzen diren eta gutxienez %20 euskal ekoizpena duten film luze guztiak, Irizar Saria lortzeko lehiatzen dira. Zinemira sailaren barruan, era berean, Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izango da:

Un otoño sin Berlin (Lara Izagirre)

Denbora batez atzerrian bizi ostean, June jaioterrira itzuliko da ustekabean. Etxerako buelta mingarria izango da: familia eta lehenengo maitea, Diego, aldatu egin dira. June ere aldatu egin denez, zaila egingo zaio hautsitako lotura horiek osatzea. Baina, udazkeneko hego haizea bezalaxe, honek iraultza ekarriko du.

Gure sor lekuaren bila (Josu Martinez)

Itsasoaren alaba, Sagarren denbora, Debekatuta dago oroitzea eta Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak zuzendu ostean istorio berri honekin datorkigu Josu Martinez bilbotarra.

Hazparne, 1956. Ikusmin handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental bat estreinatzen da herriko zineman. Hurrengo hilabeteetan Iparraldeko herrietan, Parisen, San Franciscon edo eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta denek ahaztu egingo dute laster. Hirurogei urte geroago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasiko da.

Walls - Harresiak (Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina)

Aurreko lan zoragarriaren ostean (Pura vida), proiektu berri batekin datozkigu.  Gero eta hesi gehiagok banatzen du mundua. Alde batean nahiz bestean daude gizakiak. Ez dago zertan eztabaidatu harresiok zentzugabeak edo logikoak, ezinbestekoak edo saihesgarriak diren: alde bateko nahiz besteko pertsonak funtsean, berdinak direla erakustea da gakoa.

Jai alai blues (Gorka Bilbao)

Jai Alairen historia sinestezina kontatuko digu dokumentalak, mundu horretan aritutako pertsona ospetsuenen bitartez. Ugariak dira haien biografien eta Jai Alairen historiaren arteko paralelismoak. Hasiera apalak; arrakasta handiak mundu osoan, publiko agurgarriz betetako frontoietan; identitatearen galera, joko tradizional bat guztiz bestelako balioak dituzten gizarte batzuetara egokitzean...

...eta Zuzendari Berriak sailean: Pikadero (Ben Sharrock)

Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren filmen artean, Euskal Herria eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio bat dago; euskara hutsean egindako Pikadero filma, hain zuzen ere. Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den maitasun historia bat. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista komedia erromantiko honek.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago