Teknologia albisteak
1

Boluntarioak behar dira elebidunen eta elebakarren hitz jariotasuna ikertzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Laiene Olabarrieta, Zientzia Kaiera, cc-by-sa
2014-12-28 : 14:25
Deustuko Unibertsitatea Euskal Herriko elebidunen eta elebakarren hitz jariotasuna ikertzen duen ikerketa bat jorratzen hasia da. Helburua, hitz jariotasun froga hauek egokitu, eta era berean, elebidunentzat datu normatiboak ateratzea da, gure gaixoen diagnostikoa hobetzeko eta beraz, geroko errehabilitazioa. Ikerketarako elebidunak (euskara/espainolera) eta elebakarrak (espainolera, euskarazko klaseak ez dituztenak jaso) beharko ditugu, oinarrizko ikasketak dituzten 18 eta 75 urte bitartekoak. (Zientzia Kaieran argitaratua eta handik hona CC-by-sa lizentziari esker ekarria)

Elebitasunaren eragina funtzionamendu kognitiboan eta froga psikologikoetan

Elebitasunari buruz hitz egiterako orduan, lehenik eta behin elebiduna nor den zehaztu beharra dago. Ez da kategoria kontu bat, hau da, ez dago elebidun edo elebakar pururik; baizik eta continuum bat. Continuum horretan definizio malguak eta zorrotzak ageri dira. Siguan eta Mackeyek (1986) definizio nahiko osoa eta zentrala ematen: “elebiduna da, haren ama hizkuntzaz (L1) aparte, beste bigarren hizkuntza batean antzeko gaitasuna lortu duena, eta, biak edozein ingurugirotan antzeko erraztasunarekin erabili dezakeen pertsona da”.

Aurreko definizioa bat besterik ez da,  baina buruan argi izan behar dugu aukeratutako definizioak (malguak edo zorrotzak), elebiduna nor den markatuko duela. Horregatik literaturan hainbat elebidun mota berezitu egin dira: adibidez, goiztiarrak vs berantiarrak edo orekatuak vs ez orekatuak.

1. irudia: Elebitasunaren definizioa kontinuum baten antzera ikusita.

irudia: Elebitasunaren definizioa continuum baten antzera ikusita. |


Gaur egun, elebitasunak funtzio kognitiboetan eta froga psikologikoetan duen eragina aztertzen hasi gara psikologian. Jakin badakigu elebidunok askoz azkarrago eta hobeto ebazten ditugula arazoak, eta kreatibitate eta ezagutza metalinguistiko handiagoa ditugula elebakarrekin konparatuta. Gainera badirudi elebitasunak dementziaren eboluzioa geldotzeko gaitasuna duela. Baina badago bi funtzio kognitibo oso garatuak ditugunak: arreta eta funtzio exekutiboak. Baina, zer da funtzio exekutibo dena delakoa? Funtzio exekutiboak prozesu kognitibo multzo bat da, bere barne gertakariak aurreratzeko, helburuak aukeratzeko, gure portaera planifikatzeko, autoerregulazioa, autokontrola eta feedback-a erabiltzeko gaitasunak ditu. Zentzu handia du honek. Pentsa dezagun une batez: bi hizkuntzak egunero eta edozein momentutan erabiltzen ditugu, gainera bata edo bestea tartekatzen ditugu ingurugiro edo pertsonaren arabera. Hau ez litzateke posible izango arreta edo funtzio exekutiborik gabe.

Baina desabantailak ere deskribatu dira, batez ere lengoaiarekin zerikusia duten gaitasunak: hitz jariotasuna, interferentzia eta geldotasuna izendapen frogetan, beti elebakarrekin konparatuz.

Psikologian badago froga multzo bat, maiz erabiltzen ditugunak burmuin kalteak (dementzia, iktusak, etab.) antzemateko oso onak direlako: hitz jariotasun frogak hain zuzen. Froga hauek hiru motatakoak izan daitezke: fonologikoa, semantikoa edo aditzekoa. Helburua da, pertsonak ahalik eta hitz gehien esatea denbora tarte zehatz batean. Fonologikoan hizki batetik hasitakoak hitzak esan beharko ditu, semantikoan kategoria semantiko baten barruan daudenak, eta aditzezkoan ahalik eta aditz gehien. Ikerketek errendimendu ezberdinak topatu dituzte elebidunen eta elebakarren artean, azken hauen errendimendua, orokorrean, hobea izanda. Baina, zergatik ezberdintasun hauek? Elebakarren eta elebidunen funtzionamendu kognitiboa ezberdina al da?

Azalpen ugari eman dira. Lehenik eta behin, elebidunok, bi hizkuntzak une berean aktibatu egiten dira, interferentzia sorraraziz. Hitz jariotasun frogetan, elebidunok esandako hitza eskatutako hizki edo talde semantiko horren parte dela baieztatu behar dugu, eta elebakarrek ez bezala, baita eskatutako hizkuntzaren parte dela ere. Beraz, elebidunok elebakarrak baino geldoago goaz hitz jarioan. Beste aldetik, badago beste azalpen bat burmuineko sare sinaptikoan oinarrituta dagoena. Azalpen honen arabera, elebidunok ditugun errepresentazio semantiko-fonologikoa ahulagoa da elebakarrenarekin konparatuta bi hizkuntzen hitzen erabilera murriztu egiten baita gure kasuan.

2. irudia: Elebidunon interferentzia lengoaiazko frogetan.
: Elebidunon interferentzia lengoaiazko frogetan. |


Horrek zer ondorio dakartza? Hitz jariotasun frogetan hitz gutxiago esaten ditugula elebakarrekin konparatuta.

Orain arte, elebidun bati ebaluazio kognitibo bat egiteko orduan, bere errendimendua elebakarrekin konparatua izan da, egungo datu normatiboak elebakarrekin eginda baitaude. Datu normatiboak froga zehatz batean talde osasuntsu batek dituen puntuazioak dira. Paziente bat ebaluatu ondoren, bere puntuazioa populazio osasuntsu horren datu normatiboekin konparatzen da bere errendimendua zein ona den jakiteko. Kontuan izanda Euskal Herriko eta Kataluniako populazio zati dezente bat elebiduna dela (Euskal Autonomia Erkidegoa 32%, Nafarroa 11,72% eta Katalunia 75%), paziente asko datu normatibo hauekin konparatu egin dira, diagnostiko ez oso zehatza lortuz ez bada elebitasun aldagaia kontuan izan.

Horregatik Deustuko Unibertsitatea Euskal Herriko elebidunen eta elebakarren hitz jariotasuna ikertzen duen ikerketa bat jorratzen hasia da. Helburua, hitz jariotasun froga hauek egokitu, eta era berean, elebidunentzat datu normatiboak ateratzea da, gure gaixoen diagnostikoa hobetzeko eta beraz, geroko errehabilitazioa. Ikerketarako elebidunak (euskara/espainolera) eta elebakarrak (espainolera, euskarazko klaseak ez dituztenak jaso) beharko ditugu, oinarrizko ikasketak dituzten 18 eta 75 urte bitartekoak.

Interesa duzuen guztiok Laiene Olabarrietarekin (ikerketa daraman doktoregoko ikaslearekin) kontaktuan jarri zaitezkete posta elektroniko honen bidez: laiene.olabarrieta [a bildua] deusto.es

Anima zaitez!

Jatorrizkoa: Laiene Olabarrieta, Zientzia Kaiera , CC-by-sa.

Erantzunak

2015-09-03 : 12:31

Ikerketarekin aurrera egiteko 18-64 urte bitarteko elebidunak (goi-mailako ikasketarik gabe) eta 65-75 urte bitartekoak behar ditu Laiene Olabarrieta ikertzaileak.

Ezaugarriak betetzen badituzu, animatu zaitez eta hartu parte. Ez duzu inora joan beharrik izango, ikertzaileak hurbilduko baitira behar duzun tokira.

Prest egonez gero, idatzi mezu bat helbide elektroniko honetara:
laiene.olabarrieta [a bildua] deusto.es

Eskerrik asko!

Erantzun

Sartu