Teknologia albisteak

Fidatzen gara zientziaz, baina eszeptikoak (oldarraldi antizientifikokoak) ez dira gutxi

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:41

Uda hasieran Espainiako FECYT fundazioak (Zientzia ministerioari atxikitako Zientzia eta Teknologiarako Fundazio Espainiarra) zientzia eta teknologiaren inguruko gizarte-pertzepzioaren inkesta argitara eman zuen, 2024ko datuekin, eta 2022ko lehenagoko inkestarekin erkatuz datuak. Bi euskal dibulgatzaileren bidez egindako datu horien irakurketa dakarkigu hona.

Ana Galarragak nabarmendu du Elhuyar aldizkarian inkestatuek iritzi ona dutela zientziaz eta teknologiaz, baina %10-20 arteko gutxiengo batek uste du informazio zientifikoa iruzurtia, azalekoa edo hanpatua dela.

Klima-larrialdiari dagokionez, gehienentzat gai larria edo oso larria da (% 80 baino gehixeago). Gutxiengo batek baino ez du uste arriskuak puztu egiten dituztela (% 18,7). Beste muturrean, % 21,8k uste du atzeraezina dela eta ezin dela ezer egin. Adimen artifizialaren gaian, berriz, onurak eta kalteak ikusten dituzte inkestatuek, eta arriskuek onurak gainditzen dituzte sare sozialetan eta webguneetan edukiak edo produktuak aholkatzeko algoritmoetan.

Koldo Garciak ere artikulua atera du bere blogean, grafiko sorta bat euskaratuz bide batez. Inkestatuen laginean Hego Euskal Herriko 274 herritar ere bazeudelarik, irakurketa lokala egin du Garciak. Gure artean, adibidez, konfiantza handia dugu mediku, zientzialari eta injenieriengan. Azken bi urteetan medikuengan konfiantza pittin bat galdu da eta zientzialariengan handitu. Lan egiten duten erakundeek, aldiz, konfiantza pikxa bat gutxiago sortzen dute eta azken bi urteetan igo da.

Jarrera eszeptikoak ere badira euskal herritarren artean, baina Espainiako estatu mailan baino gutxiago. Garciaren analisitik: "Jende askok uste du kutsadura eta aldaketa klimatikoa konponbideak izkutatzen ari direla, birusak sortu direla askatasun indibidualak murrizteko eta farmazeutikek  txertoen arriskuak izkutatzen dituztela. Azken hau 2022 urtean ere galdetu zen eta, nabarmenki igo da. Estatu mailan bezain beste igo ez bada ere, 5 eta 7 artean erantzun zutenak 10 puntu igo dira bi urtetan (estatu mailan 20 puntu igo da). Nahikotxok ere minbiziaren sendagaia izkutatzen ari direla diote eta, gutxiagok, txertoen eta autismoaren arteko harremana dagoela. Azken hau estatu mailan asko igo bada ere (11 puntu 5 eta 7 artean erantzun zutenak), gurean berdintsu jarraitzen du." Eta datu hauei lotutako grafikoa:

Garciak uste duenez, "oldarraldi antizientifikoari eusten ari gatzaio baina euste-dikeari pitxadurak ikusten zaizkio".

Hau oso azaleko laburpena da. Informazio gehiagorako:

Goi-goiko irudia (hemen behean argiago), klima aldaketari buruzko iritziarena da. txosten originaletik hartua. %70ak ziurtzat ematen du gertatzen ari dela, baina eszeptiko eta bestelakoak hamarretik hiru dira.  

Erantzun

Sartu