Zenbait erabiltzaileren kexuen ondoren, eta AntennaPod aplikazioaren garatzaileek konprobatu ahal izan dutenez, Radio Nacional de Españak ez ditu jada bere podkastak modu irekian RSS bidez guztientzat eskaintzen, eta blokeatu egiten ditu zerbitzu batzuk nahita. RNEren jabe RTVE erakunde publikoari galdetuta, onartu dute nahita egiten dutela, eta aitzakia sorta batekin erantzun dute.
Hemen pare bat kontakizun (ingelesez, gaztelaniaz), non kexuak ageri diren, eta RTVEko Entzulearen Defendatzaileak eta beste ordezkari batek erantzuten duten. Ingelesezkoan AntennaPod egin duen garatzaile nagusiak (James Cridland) azaltzen du muina zein den, eta protesta egiten dio RNEri bereziki gogoratuz AntennaPod doakoa eta publizitaterik gabea dela, Androiden dabilela, eta Android dela nagusi (%80 inguru) Espainiako mugikorren merkatuan.
RNEk honako erantzun kontraesankorra eman dio Cridlandi:
Funtsean podkast kontzeptuaren muina zein den dago hemen. Aspaldi Sustatun esana: Ez badu RSSrik, ez da podkast bat. RSS-a da edukia sindikatzeko sistema bat, eduki edo/albiste berriez informatzen duena formatu estandar batean, eta audioaren mundura aplikatuta esan nahi du, jarioan norbaitek mp3 edo audio berri bat jartzen duenean, RSS-a eguneratzen dela, eta handik elikatuta podkast aplikazio, biltegi edo irakurgailuek erabili dezaketela erabiltzaile jakin bati nobedadearen berri emateko, eta entzuteko aukera eskaintzeko (mp3 fitxategiaren helbidea zuzenean RSS-an agertzea baita estandarra).
Hau apurtzen ari dira aplikazio, sistema eta argitaratzaile asko, plataforma itxietara mugatuz podkasten entzuketa (ez-podkasten entzuketa, esan beharko genuke).
RNEk nahi duena da bakarrik jarraitu beren audioak beren webgunean (irekian daude han, bai, baina zabalkunde eta konexiorako erraztasuna ematen zuen podkast kontzeptuak, uste genuenez), edo beren app propioan, edo aipatu dituen munstro handi horien plataformetan (Spotify, YouTube eta Apple Podcasts).
RNEren parekidea Euskal Herrian, publikoa, Guau plataforma dugu. Kasu honetan RSS irekiak argitaratzen dituzte, baina ez ageri-agerian. API bidez eta beste truko batzuekin atera daitezke beren edukiak podkast irakurgailu jakin batetik egoki jarraitzeko. Horretarako tresna bat sortu du, hain zuzen, Ion Lizarazu garatzaileak (Sustatu egiten duen CodeSyntax enpresako programatzailea). Honakoa: https://ionlizarazu.github.io/guau-rss/
Tresna honen irudia hemen, eta goian, artikuluko lehen ilustrazioa, AntennaPod aplikazioaren gaztelerazko interfazearen irudi bat.
Erantzun
Sartu