Teknologia albisteak
1

Jaurlaritzak euskararentzat enkargatutako itzultzaile automatikoen kostua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-06-19 : 09:13
Eusko Jaurlaritzak sustatutako eta sarean jarritako itzulpen automatikoko sistema 1.4 milioi euro kostatu da. EH Bilduko legebiltzarkide batek egindako galderari erantzun zion joan den ekainaren 10ean (PDF) Cristina Uriarte Kultura Sailburuak.
Hona Estitxu Breñas EH Bilduko legebiltzarkidearen galderak, eta sailburuaren erantzunak, PDFtik aterata (estekak geuk gehitu ditugu):

Zenbat balio izan du denak? (sarekoaren esteka)
  • gaztelania - euskara: 395.000,00 €
  • euskara>gaztelania: 700.321,58 €
  • ingelesa>euskara: 369.904,80 €
  • mugikorretarako aplikazioak: 10.285,00 € (Android, iOS)
Noiz egin zen deialdi publikoa?

Gaztelania-euskara itzulpen norabidea garatzeko lanak 2008an esleitu zituen Eusko Jaurlaritzak lehiaketa publikoaren bidez. Momentu hartan lau enpresa teknologiko lehiatu ziren eta, adjudikazio txostenean zehazten zen bezala, euskararen ezaugarriak kontuan izanik, hizkuntza-arauetan oinarritzen zen sistema (Rules Based Machine Translation), hau da, transferentzia ikuspegia eta analisi sakonaren (deep parsing) estrategia (beste sistema batzuek shallow parsing erabiltzen dute, hau da, azaleko analisia, baina horrek emaitza txarrak ematen ditu) erabiltzen zituen sistema hautatu zen emaitzarik onenak emango zitu elakoan. Hori bermatzen zuen teknologia bakarra Lucy Software enpresarena zen. Beraz, balorazio teknikoa egin eta gero, enpresa horri esleitu zitzaion kontratua. Hortaz, teknologia hori ezarri zen Jaurlaritzaren sistema informatikoen plataforman.

2012an kaleratu zen eta, ordutik, milaka kontsulta jasotzen du, egunero. Erabiltzaileak pozik daude funtzionatzen duen sistema delako. Jakina, itzultzaile automatiko guztiak bezala, ondo erabili behar da eta etengabe hobetu behar da.

Hortik aurrera, plataforma horri itzulpen-norabide berriak gehitu zaizkio: euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara. Teknologia berbera erabiltzen da garatu diren itzulpen-norabide berri hauetan ere. Teknologia hori Lucy Software enpresak baino ez duenez, berari eman zitzaizkion lan horiek 2011 urtean. Aipatu behar da Lucy Softwarek UZEIren hizkuntza baliabideak eta giza baliabideak dituela lagun proiektu hau garatzerakoan.

Software librean eta Euskal Herrian antzeko proiektuak egonda, zergatik ez dira horiek bultzatu?

Ez, Euskal Herrian ez dago antzeko produkturik. Dauden sistemak urrun daude kalitatezko emaitza onargarria ematetik. Sektorean egindako azterketa konparatibo batek emandako datuen arabera Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoaren emaitzen eta gainontzeko itzultzaile automatikoen emaitzen artean ikaragarrizko aldea dago Eusko Jaurlaritzaren itzultzailearen mesedetan.

Jaurlaritzaren konpromisoa eta apustua beti izan da gizarteari eskaintzea produktu erabilgarria, lagungarria, kalitatezko emaitza onargarria ematen duena, benetan funtzionatzen duena. Hala izan behar du. Herritarrek baliagarri zaizkien produktuak eskatzen dituzte eta, itzulpen automatikoaren arloan, aspalditik dago eskari handia gizartean.

Software librea etiketa da, baina ez du bermatzen garapen merkeagoa izatea. Inondik inora. Kode irekia izatea gauza bat da baina horrelako erremintak garatzeko, kodeaz gain, hizkuntza-baliabideak (datu-base lexikalak, hiztegi elebidun konputazionalak, analizatzaileak, gramatika konputazionalak, hizkuntza-arauak...) ere behar dira eta horiek ez dira izaten software librekoak, kontrakoa baizik. Oso ondo babestuta egoten dira eta ez dira era irekian edonoren eskura egoten.

Erantzunak

2014-06-19 : 16:39

Gorka Juliok eman dio erantzuna gaur Berrian: http://www.berria.info/paperekoa/2064/036/001/2014-06-19/estrategikoa.htm

"... 2008an Eusko Jaurlaritzak gaztelania->euskara itzultzaile automatikoarentzako lehiaketa publikoa atera zuen, 395.000 euroko aurrekontuarekin. Lau enpresa lehiatu ziren eta Lucy Software, Siemensetik ateratako software enpresak eraman zuen bere teknologia pribatiboa hobea zela iritzita.

Parlamentuko galdera bati esker jakin da lehiaketa publikorik egin gabe, euskara->gaztelania (700.321,58 euro) eta ingelesa->euskara (369.904,80 euro) itzulpenak gehitu zaizkiola. Eredu librea bultzatzen zuten unibertsitate eta enpresak zeudela jakinda amorru gehiago ematen du oraindik. Proposatutako soluzioa, hasieran hobea ez balitz ere, ziur diru kopuru hori jaso ondoren hobea litzatekeela eta librea.

Software librearen garapena eta hizkuntza teknologien industriaren sustatzea behin baino gehiagotan «estrategiko» bezala definitu izan dira euskal erakundeengatik. Erabakietan software, datu eta eduki libreak balioztatzen ez badira, inoiz ez dute merezi duten garapena izango.

Eta dokumentuan software libreari egiten zaion mespretxua erabatekoa da. Beldurra, ezjakintasuna edota ikuspegi «estrategikorik» ez dutenen ahotatik bakarrik atera daitezkeen hitzak. Amorrua, ez soilik libre izan zitekeena pribatibo bihurtzen delako, baizik eta urtero morrontza hori berritzen dutelako"

1.070.226 euro lehiaketarik gabe zuzenean esleitzea oso larria da. Eta gainera, alor horretan teknologiarik ez zegoelako justifikatzea, eskandalu hutsa. Eta behin dirua emanda, esatea "Sektorean egindako azterketa konparatibo batek emandako datuen arabera Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoaren emaitzen eta gainontzeko itzultzaile automatikoen emaitzen artean ikaragarrizko aldea dago Eusko Jaurlaritzaren itzultzailearen mesedetan" iseka egitea.

Erantzun

Sartu