Atzoko giza kateak kolorez eta itxaropenez bete zituen euskal bazterrak. Sare sozialen eguna ere izan zen: sentimendu, argazki eta bideoak elkar banatzeko une egokia. Euskal Herri osoko herritarrak bildu ziren Durango eta Iruñea batzen zituen katea osatzen, bakoitza bere herriari zegokion kilometroan: Santurtziarrak han, Tolosaldekoak hemen, Bortzirietakoak haraxeago... bakoitza bere kilometroaren traola erabiliz.
#GureEskuDago eta
#BasquesDecide traolek Twitter hartu zuten, biak Trending Topic edo joera nagusiak bihurtu ziren goizean zehar Espainian, eta eguneko traol nagusiak ere izan ziren euskaeaz. Kilometro zehatzen traolak ere ugari izan ziren. Umapen horiek ere zenbatu genituen. Zeintzuk izan ziren herri eta kilometrorik aktiboenak?
Hemen daude gordeta.
(Espainiako joerak Espainiako Twitterren, goizeko une batean)Umapen euskal twitterlarien txioak jaso eta zenbatzen ditugu. Horrekin batera,
traolak ere identifikatu eta kuantifikatzen ditugu. Esan beharrik ere ez dago: atzo
Gure Esku Dago ekimeneko traolak izan ziren nagusi euskal twitterlarien artean, batez ere traola generikoak:
#GureEskuDago, #BasquesDecide, #GureEskuBidea, #GureEskuBideaE8, eta abar.
Horiez gain, baina, parte hartzaileei eskatu zitzaien euren kilometroko traola ere erabil zezaten (
#12km edo
#85km, esate baterako).
Egun osoko datuak aintzat hartuta, eta Umapen jasotako informazioaren arabera, kilometro eta herri hauek izan ziren aktiboenak eta txio gehien bidali zituztenak (traol horrekin, behinik behin):
- #100km - Txorierriko lagunak (Arakilen) - 109 txio
- #12km - Lekeitiarrak (Elorrion) - 100
- #42km - Bilbotarrak (Urretxun) - 98
- #120km - Iruñarrak - 87
- #1km - Durango (abiapuntua) - 85
- #85km - Errenteriarrak (Arbizun) - 83
- #80km - Gasteiztarrak (Arbizun) - 63
- #123km - Iruñea (bukaera) - 58
- #88km - Oiartzuarrak (Uharte Arakilen) - 56
- #49km - Galdakoztarrak (Ezkio-Itsason) - 54
Horiek ez ezik, eguneko zenbait unetan beste herri batzuetako traolak ere azaldu ziren zerrendako aurreneko lekuetan, besteak beste,
#29km (Bergararrak),
#20km (Portugaletekoak Arrasaten) edo
#95km (Donostiarrak Arakilen).
Kontuan izan, sailkapen horretan traol hori erabili zuten txioak bakarrik hartzen direla kontuan, eta egindako guztiak ere ez dira: Umap-ek jarraitzen dituen 5.000 lagunen artean egindakoak dira, eta euskarazko testuarekin lagundutakoak. Hau da, norbaitek argazki hutsa bidali bazuen traolarekin (eta horrelako asko izan ziren), horiek ez ziren sartu.
Bestalde, inguru batzuetan ez zegoen telefono mugikorretarako estaldurarik, Lizarrustiko gainaren inguruan adibidez, Gipuzkoa eta Nafarroaren inguruan.
#70km eta ingurukoak izan ziren, txiorik gabeak praktikan. Han ibili zinetenok, gaur bidaltzen badituzue euskarazko txioak, Umap-ek jasoko ditu.
Egunaren aktibitate bereziki handiaren dudarik ez dago: Umap-en euskarazko
17.379 txio bildu genituen atzo. Aurreko igandean, ekainak 1, konparatzeagatik,
5.895.Txio gehien ekarri zituzten traolak izan ziren, #GureEskuDago (11.102) eta #BasquesDecide (6.179). Txio kopuru absolutoa gainditzen da horrela, txio asko traol askorekin joan baitziren, adibidez kilometroekin joan ziren gehienak.
Ataun-Lazkaon estaldurarik gabe ia egun osoan zehar... :-(