Teknologia albisteak
1

Ffrwti.com, Sustaturen klon galesa jaio da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-02-18 : 17:18
Egun hauetan Sustaturen klon bat jaio da Galesen: Ffrwti.com. Jendearen ekarpenekin osatzen da, eta baita ere Twitterreko jardunarekin, albistegi automatiko bat baitauka Sustatuk bezala, baina horrez gain Umap proiektuaren alderdi batzuk ere integratzen dira proiektu honetan.
Haicio'r Iaith konferentzian (hackeatu hizkuntza) aurkeztu zen Ffrwti joan den larunbatean, Galesko Bangor hirian. Luistxo Fernandez CodeSyntax enpresakoak eta Rhodri ap Dyfrig Ffrwti-ko editore galesak aurkeztu zen barcamp estiloko konferentzia horretan. Hemen duzue ebentoaren kronika bat (galesez, itzulpen automatikoarekin ingelesez).

Oraindik ertz batzuk fintzea geratzen zaio tresnari, baina irekia geratu da webgunea, edukia jasotzen hasi da, eta laster izango ditu martxan falta zaizkion funtzionalitateak. Luistxok egun batzuez trebatu egin ditu edukiaz arduratuko diren editore eta blogariak, Rhodri ap Dyfrig, Lois Gwenllian eta Owain 'Nico' Dafydd.


Formakuntzan, Luistxo Fernandez, Owain Dafydd eta Rhodri ap Dyfrig.

Ffrwti garatu da Galesko Gobernuak iaz kaleratutako hizkuntza eta teknologia laguntza fondoko proiektuetako bat aukeratua izan zelako. Gainerako proiektuetan gehienek mugikorretako app itxura daukate. Proiektua Nwdls Cyf enpresarena da, eta Sustatu-ren sortzaile CodeSyntax-ek zerbitzua ematen dio beste horri.

Ffrwti-k egiazki, Sustatu baino gehiago du bere barnean: Umap-eko txiolarien rankinaren parekoa, eta eguneroko traolen joerak ere kontuan hartzen dira. Soziolinguistikoki, euskara eta galesa pareko daude, baina oraingoz makinaria automatikoak galesez erabiltzaile gutxiago ditu detektatuak bertako rankinerako, hemen euskaldunak baino (2.500 lagun galesez, 5.600 euskaraz). Baina prozedura bera da: pertsona horiei jarraitu, eta galesez txiokatzen dutenean, estekak baloratu albistegi automatikoa egiteko, traolak kontatu joerak ezagutzeko. Albistegi automatikoari dagokionez, euskaraz baino txio gutxiagorekin igarotzen dira argitalpen atalasetik Galesko elementuak.

Agertzen den edukian badago desberdintasunik Euskal Herriaren eta Galesen artean. Euskarazko informazioan, Berria eta Argia paperezko egunkari eta astekariaren Interneteko edizioek pisu handia dute. Galesen berriz ez dute egunkaririk, baina aldiz ikus-entzunezko alorra askoz garatuago dago, eta telebista eta ikus-entzunekoetako profesionalak askoz modu serioagoan daude Twitterren eta, oro har, Interneten komunikatzen. Era berean, Golwg aldizkari nazionala ere inportante samarra da.

Hortaz, Sustatuk baino funtzio gehiago ditu Ffrwtik, baina beste alde batetik sinpletu ere egin da: Login sistema bakarra dago Ffrwti-n, Twitterren bidez eta kito (Sustatun, e-postaz eta Facebook bidez ere egin daiteke). Barne-makinarian ere gauza batzuk sinpletu egin dira, gauza bat berregitean beti ikasten da.



Django plataforman egina dago Ffrwti, eta barne-kudeaketa ere galesez dauka. Hizkuntzaren arroztasun ortografikoa erabatekoa da euskararen ikuspegitik, baina egokitzapenaren alderdi linguistikoa ez da batere zaila izan: moldaketa gehiagotarako ere prest dago une honetan Sustaturen eta Umap-en makinaria. Inork katalanez edo beste hizkuntza batean garatu nahiko balu, abisatu diezagula. Hizkuntza ezagupena, modulo libre baten bidez egiten da (LangId), datubasera datozen txioetan hautapena denbora errealean eginez.

Hor duzue bada, Ffrwti sarean, eta Twitterren ere: @ffrwti. Zorte ona izan dezala proiektuak!

Erantzunak

2014-02-19 : 13:06

Eskerrik asko laguntzeagatik sortu da!

Erantzun

Sartu