Sustatu logoa Teknologia albisteak

Mondragon, kapitalismoaren alternatiba 2312an

Sustatu
2013-10-28 11:00

Askoren ustez, Kim Stanley Robinson da gaur egungo zientzia fikziozko idazlerik inportanteenetakoa. 1984an doktore tesia aurkeztu zuen Philip K. Dick zientzia fikzioaren maisuaz. Harrezkero, eleberri asko idatzi ditu, Marteri buruzko trilogia barne, eta zientzia fikzioaren inguruko saririk garrantzitsuenak irabazi ditu. 

Zer dela-eta Mondragon?

Daniel Arjonak galdera hori egin zion El Cultural.es blogean Kim Stanley Robinsoni, eta hauxe erantzun zion idazleak:

  • Lehendabizi entzun nuenean Mondragon eta bere kooperatiba sistemaren inguruan Marteri buruzko liburuak idazten ari nintzen, 1980 hamarraldiko amaieran eta 1990koaren hasieran. Mondragon oso ezaguna da mundu guztian ezkerreko komunitate teorikoetan, adibide bizia baita kapitalismo estandarraren alternatiba gisa. Ospetsua da zirkulu horietan, nola diren ospetsuak Keralako estatua Indian, Boloniako hiri italiarra, Jugoslaviako autogestio esperimentua eta beste alternatiba saio batzuk. Une honetan interes bizia dut jakiteko zer gertatu den Mondragon esperientzian 2008a ezkero euroaren krisiarekin, eta enplegu krisiarekin Espainiako gazteriaren artean, oso zabaldua baita Mediterraneo osoan egon daitekeela “belaunaldi galdu bat’. Nola garatu da Mondragon taldea? Tinko eutsi dio krisi garaian ala ez? Badago ikasgairik han Espainiak eta munduak ikasteko? Dakidana baino gehiago jakin nahiko nuke.

Garbi dago, beraz, egileak nahita erabili duela Mondragon akordioa 2312 eleberrian, liburuan bertan ikus daitekeenez, behin baino gehiagotan aipatzen baitu Mondragon Euskadin sortutako esperientzia moduan. Fagor Etxetresnak kooperatibaren porrotak zalantzak eragin dituelarik Euskal Herriko kooperatiba sistemaren inguruan, atentzioa ematen du kanpoan Mondragon esperientziak lilura berezia eragiteak, hainbestekoa non, gaur egungo zientzia fikziozko idazlerik onenetakoa ausartu baita Mondragon esperientzia eredugarritzat hartzera munduaren etorkizunerako.

Ikusi egin behar krisi honen ondoren Kim Stanley Robinsonek bigarren aukera bat emango ote liokeen Mondragon akordioari.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu