Teknologia albisteak
3

Euskararen zailtasunaren Cabanillasen aitzakiak, datuekin gezurtatuta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-09-19 : 12:22
Ana Cabanillas kazetariak euskararen zailtasunaren inguruko topikoz beteriko zutabea (Un Chino Vaskito) argitaratu zuen asteburuan Diario de Navarra egunkarian. Atzo zabalkundea lortu zuen Twitterren artikuluak, eta makina bat iruzkin jaso zituen (hemen batzuk, askoz gehiago ere izan ziren). Interesgarrienetakoak, beharbada, Arkaitz Zubiaga informatikariak ateratako datuak: Cabanillasek euskarari leporatzen dizkion zailtasun estatistikoak ez dira benetakoak.
Txiste txar eta aurreritzien bilduma bat da zutabea. Iraingarritzat hartu dute euskaldun askok, eta andaluziarrek ere hala hartzeko modukoa da (zer esanik ez jatorri andaluziarreko euskaldunek), hizkuntza ikasteko ustezko zailtasun bat leporatzen baitie Cabanillasek bere herrikideei (Andaluzian sortua da kazetaria, baina Iruñean ikasi zuen eta han egiten du lan gaztelaniazko egunkari horretan, Diario de Navarran).

Cabanillasen ustez, txinatar batek edo andaluziar batek euskara ikastea ezinezkoa da. Bigarren hizkuntza gisa ikastea, laburbilduz, ezinezkoa. Eta zaila da bereziki, bokal gutxi omen dituelako, eta kontsonanteak pilatzen direlako.

Datu horiei erreparatu die Arkaitz Zubiagak, eta gezurra dela frogatu. Goiko irudian lehen datua: "Bokal gutxiegi hainbeste letra artean", dio Cabanillasek. Gezurra: bokal/letra ratioa handiagoa da euskaraz, gaztelaniaz baino.

Elkarren ondoan pilatutako kontsonanteen inguruan, berriz, gaztelaniaz baino pilaketa gehixeago euskaraz, baina duda barik ingelesez baino gutxiago.



Arkaitz Zubiagak ondorio zuzena atera du honetatik: Ana Cabanillasen teoriaren arabera, ezinezkoa izango zen inork ingelesa ikastea.

Zubiagak honela egin du azterketa: Wikipediako 30.000 artikuluko lagina hartu (euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz; hizkuntza bakoitzean 10.000), eta konputoak berak idatzitako programa batekin atera ditu. Ondo egina, Arkaitz!

Erantzunak

2013-09-19 : 13:01

Inork ez du esan Diario de Navarra egunkariko kazetari guztiak argiak direla.
Horrelako argudio zientifikoak erakusten dituzten inbasoreei, arrazoia irakatsiko diegu: kontua da euskaldunok munduko gainerako gizakiak baino argiagoak garela, euskaldun askok erdaraz (frantses, ingeles, espainolez) ikasi dugulako eta erdaldun gehienak ez zarete gauza izan euskaraz ikasteko. Eta hark zioenez, tarte bera "de Niza a Longa que..."
Ez dakit ulertu duzun, Cabanillas, adierazi duguna. Euskaldunek, bai.

2013-09-19 : 13:29

Aurrekoan ere esan nuen baina hemen berriro aipatu nahi nuke. Jakingo balu Hiromi Yoshida edota Keiko Suzuki bezalako japoniarrek zenbat denboran ikasi duten euskara...

Orain dela bi asteburu Donostiara etorritako kubatar bat ezagutu nuen. 3 urtean AEKn ikasten jardun eta gero, beste urtebetez barnetegi batean ikasitakoa perfekzionatzen ibili ostean, nik ez nion igarri ere egin bere jatorria. Benetan diotsuet donostiarra ematen zuela. Beno, izan ere, hala da.

Seguruena Cabanillas honek ere jakingo du horrelakorik eta horregatik idatzi du artikulu penagarri hori

2013-09-20 : 00:56

Noizbait antzera idatzi dut: Sustatu bezalako batean halako gaiari heltzea egokia izan daitekeen arren, egia esan, nik ez dut gustuko "artikulu" hauei toki egitea modu publikoan. Agian kritika egiteko balio du baina, era berean, bere bozeramaile ere bihurtzen gara, haren gozamenerako. Sentitzen dut, hala ikusten dut
(bereziki gaur sare sozialetan nahikotxo ikusi dudalako)

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu