The Guardian eta
The Washington Post egunkariek gaur argitaratzen dutenez, Estatu Batuetako segurtasun agentzia bat (NSA) zuzenean dago konektatua AEBetako Interneteko zerbitzu handienekin, eta erabiltzaileen datuak eta komunikazioak jasotzen dituzte horrela FBI eta CIA agentziek,
Prism deritzon egitasmo sekretu bati esker. Google edo Facebook-en bidezko gure komunikazioak, alegia, zuzenean doaz segurtasun agentziaren eskuetara.
Prism izena omen du programak eta
haren diapositiba-aurkezpen bat lortu dute bi egunkariek, nolabait.
Bertan zehazten denez, urtez urte, honako zerbitzuek egin dute bat programarekin.
- Microsoft (eta bere zerbitzuak hala nola Hotmail): 2007
- Yahoo: 2008
- Google: 2009
- Facebook: 2009
- PalTalk: 2009
- Youtube: 2010 (Googleren jabetza)
- Skype: 2011 (Microsoften jabetza orain)
- AOL: 2011
- Apple: 2012
Guztiak dira Euskal Herriko Internet erabiltzaileen artean popularrak salbu eta
PalTalk (Whatsapp moduko bat, nonbait) eta AOL.
Segurtasun agentziek, enpresa horietan dauden datuetan honakoak eskuratu ditzakete Prism aurkezpeneko irudi baten arabera:
- E-posta mezuak
- Txat saioak, bideo eta ahotsezkoak ere
- Bideoak
- Argazkiak
- Gordetako datuak
- IP bidezko ahotsa (Skype, adibidez)
- Fitxategi transferentziak
- Bideokonferentziak
- Zerbitzu jakinekin konexioak (login, etab.)
- Sare sozialetako konexio datuak
- "Eskaera bereziak"
Eskandalu handia izango da hau Estatu Batuetan. Duela egun gutxi piztu zen NSAk Verizon telefono konpainiaren datuak eskuratzen zituela jakin zenean. Gaurko egunkarietako datuekin, hori baino askoz ere potoloagoa da kontua, bistan denez.
Argazkiak.org | Prism, nor noiz © cc-by-sa: sustatu Estatu Batuetako kontu bat dirudien arren, gauza jakina da gure Interneteko datu asko eta asko ere enpresa horien eskuetan daudela, edo komunikazioak handik igarotzen direla.
Prism aurkezpeneko koadroetako batek erakusten du, hain zuzen, une batean edo bestean, munduko komunikazioen kopuru handi bat AEBetatik igarotzen dela.
A, bale! Nik ezetz uste nuen. #ironic_mode_on