Luistxo Fernández sustatzailearen aurkezpena entzun ostean, hauxe da proiektuaren inguruan osatu dudan sarrera laburra:
Nola dabil?
Albiste garrantzitsuenak aukeratzeko, Niagarankek kanal tematiko bakoitzeko 5000 erabiltzaile jarraitzen ditu (Twiterren APIak baimentzen duen kopuru altuena). Kasuan kasuko alorreko erabiltzaile garrantzitsuen zerrenda bat da, astean behin eguneratzen dena. Hortik aurrera, bere ekintza eremuan elkarbanatutako URL guztiak ikuskatzen ditu eta ondoren, algoritmo batek hierarkizatu egiten ditu, esaterako menéame-k erabiltzen dituen irizpide antzekoen arabera: freskotasuna, biraltasuna, nork elkarbanatu duen, Twitterren izandako eragina…
Interesgarria da ikustea zenbait elementu biral kanal anitzetan agertzen direla hainbat ikuspuntutatik landuta. Hori gertatu zen, adibidez, Diagonalek “matxismo gafapasta”-ren inguruan argitaratutako artikulu polemikoarekin, musika eta feminismoaren ataletan agertu baitzen, ikuspuntu ezberdinetik jorratuta.
Beheko grafikoan ikusi daitekeen bezala (politika esparruari dagokion grafikoan), aztertutako ia milioi bat txioak abiapuntutzat hartuta 45 artikulu sortzen dira, Niagarank.es orrialdean argitaratzen direnak. Aipatu lanak bata bestearekin borrokatzen dira, hasteko, bakoitzaren gaiaren baitan nabarmentzeko, eta, aldi berean, azalean ere txoko bat lortzeko. Hautaketa prozesua izugarria da eta, kategoriak sortzeko eta anomaliak ekiditeko denean izan ezik, automatikoki gauzatzen da Robsoc bitartez.
Ontze soziala
Izen komertziala Niagarank bada ere, Codesyntax-eko sortzaileek Robsoc (robotic social curation) terminoa darabilte atariaren oinarrian dagoen teknologiari erreferentzia egiteko. Badaude hainbat ontze mota: batetik, editore edo kazetari batek burututako ontze mota (Huffington Post); bestetik, komunitate aktibo baten bozketan oinarritzen den masa-ontze mota (menéame, digg, reddit); eta, azkenik, ingurunean oinarritutako ontze mota bat (Paper.li, Flipboard, Facebook, Twitterreko “aurkitu” aukera). Niagaranken ontze sozial, nahigabezko eta automatikoa ongi dabil, emaitza organiko eta sinesgarriak emateko bezainbeste. Tresnaren bitartez saihesten dira erabiltzailearen inguruak eragindako zeharbideak eta baita ere ekiditen da komunitate zabal bat sortzeko beharra. Twitterrekiko duen mendekotasuna da, oraingoz, sistemak duen arrisku larriena (zergatik ez dira kanpokoekiko hain irekiak Google+ eta Facebook-en APIak?).
Nor dago proiektuaren atzean?
Arestian aipatu bezala, Niagarank daraman enpresa Codesyntax da, software garapenerako Eibarko enpresa txiki bat; batzuei, agian, ezaguna egingo zaiena euskaraz idatzitako txio guztiak erregistratzeko egin zuen saiakera dela-eta. Proiektuak Umap zuen izena eta ongi aritu zen harik eta erabiltzaile kopuruak aplikazioa saturatu zuen arte. Esperientzia hartatik jaio zen Sustatu, lehenagotik ere euskarazko txioen artean elkarbanatze gehien eta garrantzia handiena zutenak hautatzen zituena, eta Niagaranken aitzindaria dena.
Codesyntaxen lehentasuna da Niagarankek ahalik eta eduki adierazgarriena islatzea, baina negozio ereduari dagokionez aukerak ugariak dira: publizitate eta babesleetan oinarritzetik hasita (liburuen gisako gaietan arrakasta handia lortu lezakeena), erreminta enpresa-konponbideetarako erabiltzeraino (press clippings, ontze tematikoa, sare sozialetatik talde-adimena ateratzea).
Jatorrizkoa: Santiago Barón. Itzulpena: Danele Sarriugarte.
Eskerrik asko @santibaron eta Danele. Duela bi aste Madrilera joan nintzen Enrique Dans-ek gonbidatuta IE unibertsitate eskolan Master in Digital Journalism kurtsoan hitzaldi bat ematera, ingelesez, Niagarank azaltzeko. Oso gustura hartu ninduten ikasleek, galderak eta elkarrizketa izan ziren. Batzuek blog artikuluak idatziko zituztela esan zidaten, eta artikulu hori gaztelaniaz idatz ote zezakeen galdetu zidan mutil honek, Santiago Baronek. "Baita euskaraz ere, ausartzen bazara!", erantzun nion. Eta hara, Elearazi.org-eko Danele Sarriugarte laguna du mutilak, eta itzuli egin du lehenbizi gaztelaniaz idatzi zuena. Bejondeizuela!
Inork interesik balu, Madrilen azaldu nuen aurkezpenaz informazio gehiago hemen:
http://www.codesyntax.com/en/blog/niagarank-es-robot-curation-for-news-aggregation