Teknologia albisteak

TindEHEr, EHEren ekimenak gazte euskaltzaleak batzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 12:33

Euskal Herriak Euskaraz taldeak TindEHEr izeneko ekimena jarri du martxan aurtengo udan, gazte euskaldunengan kontzientzia linguistikoa pizten laguntzeko eta lurralde desberdinen arteko harremanak sustatzeko. Tinder harremanetarako den bezala, izenarekin jokoa egiten duen TindEHEr beste konexio batzuk egiteko da noski.

Hala dio EHEk: "Helburua (ez behintzat helburu nagusia) ez da maitaleak elkartzea, baizik eta gaztetxe edo gazte-talde desberdinen arteko senidetzeak sortzea, denboran zehar harreman iraunkor bat sortzeko asmoarekin. Hau da, bi gazte mugimenduk haien arteko dinamika informal bat sortu dezaten lortzea da helburua, eta ahal den neurrian, dinamika hori haien herrietara irekitzea, adibidez, urtero bi herrien arteko topaketa-jai bana eginez bakoitzaren herrian. "

Alegia, TindEHErrek taldeen arteko loturak bilatzen ditu batik bat. Eta talde horiek izena eman dezakete parte hartzeko irailaren 15a arte. Uztailetik martxan jarri zutenetik, 22 gazte mugimenduk eman dute izena, eta elkarrizketa honetan azpinarratzen dutenez, "errealitate ezberdinetan" bizi diren gazteak elkartzen saiakeran sortu dira jada konexio gisa. Adibide gisa, elkarrizketa horretan kontatu dutenez, "Getariako Gaztetxeak (Gipuzkoa) Portugaleteko Gazte Asanbladarekin egitarau bat antolatuko luke, eta urte amaierara arte egun hori antolatzeko astia izango lukete".

Harremanak sortzeko, irizpide batzuk izango dituzte kontuan, hala nola Iparraldeko eta Hegoaldeko herrien arteko loturak sortzea, baita euskararen "arnasgune" eta "ez oso euskaldun" diren herrien arteko loturak estutzea ere.

Izena emateko eta informazio gehiago hemen. Formularioan dio uztailean amaitzen zela epea, baina ez, irailaren 15a arte luzatu dute.

Erantzun

Sartu