Teknologia albisteak
1

Vicenç Villatoro: hizkuntzaren biziraupenerako "estatu baten beharra dago”

Erabiltzailearen aurpegia
Etxepare Institutuaren bitartez
2013-01-10 : 13:50
Vicenç Villatoro idazle, kazetari eta  Institut Ramon Llull erakundeko zuzendariak oso hitzaldi interesgarria eman zuen asteartean Donostiako San Telmo Museoan Badu, Bada erakusketaren harira burutzen ari diren ekintzen artean. (Haren kronika argitaratu du Etxepare Institutuak hemen, baina hona kopiatu dugu, Institutuak "eskubide guztiak erreserbatuta" dituela dioen arren, herri-erakundeen materialarekin Sustatuko ezarritako lizentzia jokamolde propioarekin koherentziaz jokatuz.)
Karmele Barandiaran San Telmo Museoko zuzendariordeak eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak aurkeztu zuten Villatoro hitzaldia eman aurretik; mintzaldia amaituta entzuleek galderak egiteko aukera izan zuten, eta solasaldia bizia izan zen.   

Villatorok Hizkuntza gizarte-kohesiorako oinarrizko tresna dela defendatu zuen eta ezinbestekotzat jo zuen hizkuntzari babes ofiziala ematea eta sozioekonomikoki zein kultur arloan prestigioz hornitzea.

“Hizkuntza ezberdinak egoteak ezeroso suertatzen zaie askori, ulermenerako eta komunikaziorako oztopo dela uste dute. Beste batzuok, ordea, hizkuntza bakoitzak munduari so berezi bat eskaintzen diola uste dugu, hizkuntz aniztasunak begirada eta ikusmolde berrien aberastasuna dakarkigula”, esan zuen. Gakoa zubiak eraikitzea dela gaineratu zuen Villatorok, kulturen arteko komunikazioa bermatuko duten sistemak sortzea.

Gure hizkuntza –katalana, euskara- hainbat arazo praktiko konpontzeko ezinbestekoa dela baieztatu zuen, eta gizarte-kohesiorako oinarrizko tresna bilaka daitekeela, “gaurko gizrtean kultur komunitateen araberako hausturara iristeko arriskua dagoelako, lurralde beraren partaide izateko era desberdinak direla-eta”.

XXI. mendean, lehen bezainbesteko aniztasuna dagoela adierazi zuen, baina badela alde bat: lehen ezberdintasuna lurraldeen artekoa zen; orain, berriz, lurraldearen baitan dago diferentzia. Eta duela urte batzuk Amin Maalouf libanoar idazleak teknologia eta sare berrien ondorioz dugun gizarte berriaren ereduari buruz Bartzelonan esandako esaldia ekarri zuen gogora:  “historian lehen aldiz –zioen Maaloufek- Bartzelonako mutiko batek antza handiagoa du Londresen, New Yorken edo Sao Paulon bere adin bereko bete mutiko batena bera aitarena baino”. 

Egoera berri honetan ardatz egituratzaileak behar ditugu –gaineratu zuen- eta hizkuntza horietako bat izan daiteke: ez du zertan denek beti erabiltzen dute hizkuntza izan, baina bai denek ezagutzen dutena eta plaza publikoan dagoen hizkuntza.

Segidan  Kataluniako ereduaren inguruko xehetasunak eman zituen Villatorok: Anna Cabré demografoak bildutako datuen arabera, bi milioi eta erdi biztanle zituen Kataluniak XX. mendearen hasieran; mende amaieran, aldiz, 3 milioi etorkin jaso eta gero, 6 milioi biztanle zituen. Testuinguru horretan, aurreikuspen guztien arabera katalana desagertu egingo zen; gizartea bitan banatu, bestela. Halabaina –eta katalan hizkuntzaren aurka jo zuten diktadurak jasan behar izan arren-, XX. mendea Kataluniako kulturaren urrezko mendea bilakatu zen, nazioarte mailan sona ikaragarria duten izen handiena -Miró, Dalí edo Gaudí, kasu-. Eta gainera, XX. mendearen amaieran Kataluniako biztanle ia guztiek katalana eta gaztelania normaltasunez ulertu eta hitz egiten zuten, kultura industria indartsuak zeuden eta bi hikuntzak bata bestearen ondoan zeuden plaza publikoan. Egun, katalana inoiz baino biziago dago eta gizarte kohesioa mantendu da. 

“Nire ustetan Kataluniako ereduaren arrakastaren gakoa gizartea hizkuntza eta kulturaren bitartez definitzea izan da: kanpotik etorritako pertsona horiek katalan komunitate sentimentalaren partaide bilakatu nahi izan dute. Horretarako ez dituzte haien jatorriak baztertu behar izan, ezta nork bere ama-hizkuntza ahaztu ere”.

Villatororen iritziz, hori horrela izan dadin “hizkuntza erdigunean kokatzen duen gizarte eredu bat behar da”. “Hizkuntzak hiru alor ezberdinetan ospea izan behar du: prestigio sozioekonomikoa –hizkuntza bat ezagutzeak ongizate eta modernitate mailan aukera gehiago eskaini behar ditu ez ezagutzeak baino-, hizkuntzaren erabilera ofíziala eta kultur prestigioa”. “Horretarako estatu baten beharra dago”, gaineratu zuen. “Espainia katalanaren estatua izateko aukera izan zuen, baina 100 urtetan ez du izateko borondaterik erakutsi”.

Jatorrizkoa: Etxepare Instititutua.

Erantzunak

2013-01-10 : 17:09

Arratsalde on:

Eskerrik asko kronika zabaltzeagatik!

Urte hasierarekin "2013, eskubide guztiak erreserbatuta" testua automatikoki txertatu omen digute Etxepare Euskal Institutuko web gunean, CC - BY - CN baimena jarrita genuen arren. Berehala zuzenduko dugu!

Ondo izan,

Irene Larraza
Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio arduraduna

Erantzun

Sartu