Teknologia albisteak
1

Eusko Jaurlaritzak Euskararen Legearen 30. urteurrena ospatu zuen asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia
HPS - Munduoro
2012-11-26 : 12:46

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskutik, Euskararen Legearen 30. urteurrena ospatu zuen larunbatean, Donostiako Miramar jauregian. Blanca Urgell Kultura sailburuarekin batera, legearen eztabaidan parte hartu zuten politikari batzuk ere izan ziren ekitaldian, eta legearen beraren edizio berezia aurkeztu eta banatu zen, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzi dena.

Iragan larunbatean, azaroak 24, Euskararen Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 1982. urtean, gaur egun euskararen alorrean dagoen oinarrizko adostasunaren giltzarri nagusietako bat, nagusia ez bada. Data hori gogora ekartzeko, eta juxtu 30. urteurrena ospatzen dela aintzat hartuta, ekitaldi bat burutu zuen larunbatean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Donostiako Miramar jauregian. Blanca Urgell Kultura sailburuarekin batera, legearen eztabaidan parte hartu zuten politikari batzuek ere izan ziren ekitaldian: Pedro Miguel Etxenike, Jose Antonio Maturana, Inmaculada Boneta, Jose Luis Lizundia eta Alfredo Marco Tabar. Horietako bakoitzak legearen sorrerari, garapenari eta bilakaerari buruzko hausnarketa partekatu zuten ekitaldira bertaratutako guztiekin. Ekitaldian bertan, gainera, Eusko Jaurlaritzak hogeita hamar urteko bizia duen Euskararen Legearen edizio berezi bat aurkeztu zuen lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez). 30. urteurrena aukera egokia da Legea berriro irakurtzeko, 1982an aurreikusi ziren hizkuntza politikaren lerro nagusiak zein puntutaraino garatu diren ikusteko, alde batetik, eta oraindik beren ibilbidea agortu ez dutenek zer nolako etorkizuna izan dezaketen guztion artean aztertu eta adosteko, bestetik.

Edizio berezi horretako hitzaurrean Patxi Lopez lehendakariak aditzera eman duenez, “egitura demokratikoak berreskuratu eta eraikitzen ari ginen sasoi gorabeheratsu hartan ekin zion Eusko Legebiltzarrak euskararen erabilera normalizatzeko legea tramitatzeari. Euskararen berreskuratze-prozesua eta normalizazioa ulertzeko orduan ikusmolde asko zeuden elkarrekin lehian, logikoa denez, baina talde politiko guztiak ahalegindu ziren adostasunetara iristen. Horrek ez du esan nahi zailtasunak egon ez zirenik; baina, zailtasunak zailtasun, legea gehiengo sendo batek onetsi zuen amaieran”.

Legearen onarpenak hogeita hamar urte bete dituen honetan, bilakaera osoa ikuspegi historikotik hobeto aztertu eta ulertzeko aukera dago orain. Lehendakariak aipatu duenez, “ez dut zalantzarik Legeak onartu zenean baino are babes zabalagoa duela orain politikarien nahiz herritarren aldetik. Hori euskal gizartearen lorpenetako bat izan da, eta euskara era mailakatu batean berreskuratu eta hedatzearen aldeko borondate nagusiaren isla. Normalizazioaren prozesua aurrera eramateko zailtasunei akordioa eta elkar aditzearen aldeko jarrera gailendu zaizkie pixkanaka”. Alde horretatik, beraz, Euskararen Legeak funtsezko oinarri ezin hobea finkatu zuen ondoren hartu diren erabakiak taxutu eta gauzatzeko, eta horiekin batera, jakina, euskararen beraren garapena gidatu duten planak egiteko. “Legeak, finean, hizkuntzaren inguruko hausnarketen azpian dagoen oinarrizko adostasuna elikatzen jarraitu du hogeita hamar urtean, eta hori testu labur bezain mamitsu haren dohain ukaezinetako bat da. Euskal Autonomia Erkidegoarentzako eta euskararentzako urte gogoangarri hartan testuaren gainean lan egin zuten guztiek gure esker ona merezi dute horregatik”, azpimarratu du Patxi Lopezek. Euskararen Legeari esker, Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak inoiz bizi izan duen garapenik handiena erdietsi du, “herritarren nahian oinarriturik. Duela hogeita hamar urte hasitako bideak emaitza oparoak ekarri dizkigu orain arte, eta aurrerantzean, orain arte bezala, norabide horri eustea izango da, ezbairik gabe, arrakastaren giltza”, nabarmendu du Patxi Lopez lehendakariak.

Erantzunak

2012-11-26 : 12:54

Euskararen Legearen testua artikuluz artikulu gogoratzeko, blog tematiko txiki bat hasi du Maite Goñik Tumblr plataforman: http://euskararenlegea.tumblr.com/

Erantzun

Sartu