Euskal hedabideen elkarlana bideratzera dator HEKIMEN, eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator. Gure ezaugarri nagusiak: gure hedabideetan euskara hutsez jardutea eta publikoak ez izatea. Ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitzen ditugu gurekin bat egitera, gurekin elkarlanera. Elkartea gaur goizean eratu da Donostian egin den ekitaldi batean.
Bizi genuen egoera gaitzak bultzatuta, duela bi urte harremanetan jarri ginen euskaraz dihardugun hainbat hedabide. Harrez gero, eta GipuzkoaBerritzenen laguntzarekin, lanean aritu gara elkarrekin eta elkarte hau da haren fruitu. Jakitun gara, bakarka baino elkarrekin hobeto egingo diogu aurre bizi dugun krisi latzari. Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara. Beherago duzue elkartea gaur-gaurkoz osatzen duten hedabideen zerrenda (Sustatu ere partaide da).
Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko.
Desafioak ez dira makalak. Esate baterako, egunotan ari da eratzen Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzeko asmoa dugu. Serio berba egin beharko dugu diru-laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, etab. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi genuen elkarrizketa mahaia eta lan- eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan.
Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko.
Herri ekimeneko hedabideok gogor ari gara lanean: XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa nahi dugu. Gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatua egongo den euskal herritarra nahi dugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarritako aldaketetara egokitzen ari gara etengabe eta aurrera begira ere erronkak itzelak dira.
Horregatik, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dugu, HEKIMEN, unibertsitateak, instituzioak, eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa jorratuko duena, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena... Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu.
Ilusioz dator HEKIMEN, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, berriz diogu, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako.
Tokikomen izenean, Iban Arantzabal da HEKIMEN elkarteko presidentea (postu hau bi urtean behin txandatuko da) eta zortzi kideko zuzendaritza izango du (gaurkoan mahaian daudenak): Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, 11amaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista.
Ez al da nahasgarria HEKIMEN H-rekin idaztea? Ondo pentsatutako izena izango da baina, herritarrei begira, HEKIMEN plazaratzeko helburua duen ekimenak nahasmena sor ote dezakeen... Zalantza..