"Pantaila Globala" erakusketa ikusgai Donostiako San Telmo Museoan
Duela hilabete aurkeztu zuen Donostiako San Telmo Museoak Pantaila Globala erakusketa, eta irailaren 30era arte bertan izango da. Zinema, telebista, ordenagailuak, telefonoak, tabletak, zaintza pantailak... Egunerokotasunean ohikoak dira pantaila horiek guztiak. Gilles Lipovetskyk eta Jean Serroyk idatzitako izenburu berdineko liburuan oinarritzen da, eta pantailek egungo munduan duten garrantzia aztertzen du erakusketak. Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània (CCCB) eta San Telmo Museoaren elkarlana da.
Anaia handiaren beldur zara, ala, aitzitik, behatzea eta zelatan egotea atsegin duzu? Ez al dago oraina iraganera begiratu gabe? Abiadura, gehiegikeria eta mugarik gabe bizitzea atsegin duzu eta hori guztia adierazi nahi? Nolako atsegin mota lortzen duzu pantaila zaharrekin eta berriekin? Kirolaren zer ikuspegi ari gara sortzen pantaila anizkoitzen bidez? Publizitatearen, marken, modaren eta joeren fana al zara, ala horrek guztiak sumindu eta asaldatu egiten zaitu?... Galdera horietakoren bati erantzunez bideo bat osatu dezakezu, eta Pantalla Globaleko plataforma birtualean eskegi.
Gehienez ere, bi munutuko bideoak izan beharko dute, eta erakusketan ikusgai egongo dira San Telmo Museoan, irailaren 30era arte. Parte hartzen duenak aukera izango du Donostiako Nazioarteko Zinemaldirako sarrerak lortzeko. Informazio gehiago izanez gero, Donostia Kulturaren webgunean lor dezakezu.
Internet bidez jarrai ditzakezu erakusketa honi buruzko albisteak: Twitterren erabiltzailearen bidez, edo #pantallaglobal traola erabiliz, edo Facebooken duen orriaren bidez.
Erantzunak kargatzen...