Joan den astean zen (22an dio sarean), gau aldea, telebista zappinga, ETB1, psikologia kontuez ari den programa. Interesgarri izan liteke. Depresioaren gainean itxuraz. Elkarrizketatu guztiak ordea espainolez euskarazko katean, euskaraz azpidatzita itzulpena. Detaile bat? Ala trufa beste barik? Nik burla sentitu nuen. Baina orduan ezin izan nuen hasieratik ikusi, eta ez nekien. Orain ikusi dut osorik EITB sareko NAHIERAN.
Lotsagarria. Produkzio propioa. 40 minutu pasak. EAEko 3 mediku, 2 psikiatra, familia-mediku bat, 4-5 gaixo depresibo, 10 bat lagun identifikatu gabeak kalean zuzenean galdekatuak, eta aurkezlea. Programa, espainolez hasten da psikiatra baten azalpenekin, eta espainolez bukatzen da gaixo depresibo batekin. Aurkezleak sarrera txiki bat egiten du hasiera aldean euskaraz, 40 segundo. Beste 20 segundoko labur bat ere amaiera aurretik. Biak itxuraz bikoiztuak jatorrizkotik. Bitartean ia 40 minutu osorik espainolez ETB1en. Ez daukazue agidanean nahikoa kate espainolez. Espainoldu behar diguzue / nahi diguzue gure euskal kate dekanoa.
Euskal Herrian bertan ekoitzitako programa. Ez daukagu nonbait familia mediku euskaldunik Euskal Herrian, euskaraz galdekatzeko, bere paziente depresiboen inguru. Ez daukagu psikiatrarik Euskal Herrian, depresioaz euskaraz aritzeko dibulgazioan. Ez daukagu dirudienez gaixo depresibo euskaldunik Euskal Herrian euskaraz hitz egin lezakeenik (ezta aurpegia erakutsi gabe ere, paziente espainoldunetako bat ageri den bezala). Eta batez ere ez daukagu kalean hamar lagun euskaraz egin lezakeenik bere iritzi arrunta emateko tristeziaz, depresioaz
ETB2n ere eman bide zuten, ez dakit euskaraz azpidatzia. Baina ezetz usteko nuke, eta apustu egingo nuke aurkezlea ere espainol garbian entzun zela orduan, eta ez espainolez azpidatzia. ETB2n ez da nonbait itxura inor euskaraz entzutea. Diot.
Euskaraz egin lezaketen medikuak, gaixoak, herritarrak aurkitzeak lan gehiago eskatzen bide du, kostu handiegia antza krisi garaiotan. Zer dugu hobe euskaldunok espainolez ongi trebatzea baino? Ez da zabarkeria. Errespetu falta da. Hizkuntza inposaketa. Espainolarena.
Azpidatzia emateko, mila aldiz programa hobeak daude ingelesez depresioaz, eta edozer gauzaz ere, gero euskaraz azpidatzi litezkeenak. Ingelesean trebatuko ginateke, munduan ibiltzeko benetan behar dugun hizkuntza.
Edota bertako ikuspegia eman nahi zeniguten? Eta orduan, soilik EAEko espainoldun euskara gabeen, euskara baztertzaileen, testigantzak erakutsi nahi dizkiguzue ETBn? Mundu elebakar eta baztertzaile hori bakarrik? Eta bide batez, euskaldunoi behin eta berriro erakutsi, ez garela benetan existitzen, ez garela fikzio bat baino, sinistuta gauden eldarnio eroa. Bikoiztu ere ezin zenuten egin, itxura egiteko izanda ere? Inperioko hizkuntza entzunarazi ere egin behar diguzue guztien gainetik?
Hori ez da euskaldunoi errespetua. Hori da, zuek ere, are gehiago inposatzea bestela ere alde guztietatik itotzen gaituen hizkuntza espainola, itotzen gaituzten hiztun espainolak. Gure arnas txoko euskaldun eskasetara ere, espainola sartzen. Hori ez duzue inposizio juzgatzen? Inposizioa da bakarrik, guk eskatzea, lurralde honetako hiztun guztiek euskaraz ere jakitea, ikastea, guri errespetuz, ezta? Espainolek gu behartzea espainola jakitera, behartzen gaituzten bezala, Espainiako Konstituzioak derrigor behartzen gaituen bezala?
Zergatik, Blanka Urgell? Zergatik, Lurdes Auzmendi? Zergatik Patxi Lopez?
Horrela segitu behar duzue ZAINDU programaren hurrengo ataletan? Ez diezue gutxieneko ETBkoei bikoizteko eskatuko? Soilik EAEko espainoldun elebakarren testigantzak izanda ere, guk gutxieneko gure hizkuntza entzun ahal izan ditzagun?
Zuen erantzunaren zain, haserre agurtzen zaituztet.
Bittor
Batetik hori, bestetik aurrekontu batetik (ETB1) besterako (ETB2)alde ikaragarria, bestetik sartzen diguten euskara pozoitsua ("Euria egingo du Nafarroako Foru Erkidegoan"), bestetik albisteen tendentziositatea eta isiltzea (Caracasen 300 herritarrek manifa egin dutela eta hemengoen berririk ez), beste hartatik tertulietara daramaten jende hautatua, bestetik...
Hurrengo legealdian Euskal Telebistan ez nuke ikusi nahi "profesional" horietako bakar bat ere. Herri diruetatik PSOE, UPyD eta PP gizendu badituzte, bihoaz horiekin alpiste bila!
Bai, jaun-andreak, profesionalak bazarete Euskal Herriaren existentzia ukatzeko, jefeak hala agindu duelako, gero ere profesional izango zarete lan bila joateko. Aio betiko!
Behar duguna da ETB2ko saioek azpitutuluak izatea ez baitute oztepatzen ulertzea euskaraz ez dakitenentzat eta ETB1eko programak euskaraz izatea ahotsa (behintzat %80tik gora) eta gaztelerazko azpitituluak izatea euskaraz ondo moldatzen ez den norbaitekin bazaude behintzat saioa ikusi ahal izateko bestea baztertu ezik.
Noiz konturatuko gara euskaldunok (alegia, euskal hiztunok)? ETB2 espainolentzat egindako kate espainola da eta diru publikoarekin Hego Euskal Herri/Baskongada espainol bat sustatzen du etengabe. Alegia, Euskal Herri euskaldun baten etsaia da. Argi eta garbi. ETB2rako xahutzen den dirutza ikaragarri guzti hori, euskarazko telebista egiteko erabiliko ez den dirutza da.
Edo ETB2 kate espainola desagerrarazten da, edo euskaldun (alegia, euskarazkoa) bihurtzen da, edo alfer-alferrik ari gara kexatzen.
Azken bi urteotan-edo, badira edo izan dira bi bertsiotan egindako programak: aipatu duzun Zaindu, Kresala eta Nick dut Nik, esaterako. Kresala saioan ikusi nuena ez dakit ez ote zen lotsagarriagoa: hizlari euskaldunak gazteleraz eta gainetik beste batek euskarara bikoiztuta.
Merkeagoa da, jakina, saio bera bi kateetarako erabiltzea. Eta, nola ez, euskara galtzaile.