Euskal Herri elebidun honetan sarri aipatu izan dira eleaniztasunak dituen abantailak, era guztietakoak. Asteburuan The New York Times egunkaria haratago ere joan da: hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak argiago bilakatzen gaitu. Elebitasunak dituen abantaila sozial eta komunikatiboak ahaztu gabe, neurologiaren ikuspegitik ere abantailak besterik ez ditu. Besteak beste, pertsona eleanitzak elebakarrak baino argiagoak dira. Eguneroko bizitzan suertatzen diren arazo eta trabak gainditzeko abantailak dituzte.
Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak begi bistako abantaila funtzional eta praktikoak ditu, noski. Are gehiago, gero eta mundu globalizatuago honetan. Baina azken urteotan zientzia pixkat urrunago ere badoa: eleaniztasunak argiago bilakatzen gaitu. Hiztunaren burmuina eraldatzeko gaitasuna dauka, gaitasun kognitiboak handitzen ditu, eta zahartzaroko dementzia-arriskua gutxitzen laguntzen du.
Ideia eta gai horien inguruko artikulua argitaratu du asteburu honetan The New York Times egunkariak bere igandeko gehigarrian: Why Bilinguals Are Smarter. Izenburuan ikus daitekeenez, aldizkariak ez du zalantzan jartzen eleaniztasunak argiago bilakatzen gaituenik; arrazoiak argitzen saiatzen da.
Argi dago elebitasunaren inguruko usteak asko aldatu direla azken 100 urteotan, XX. mende hasieran traba eta oztopo gisa ikusten baitzen hizkuntza bat baino gehiago ezagutu eta hitz egitea. Ikerlari eta hezitzaileek uste zuten haurren hezkuntzan arazoak eta interferentziak sortzen zituela ele bat baino gehiago mintzatzeak.
Gaur egungo ikerlariak ere bat datoz interferentzia horien inguruan. Izan ere, hainbat ikerketak erakutsi digute elebidunen burmuinak elebidun izaten jarraitzen duela, baita elebakartasun egoeretan ere. Baina interferentzia hori, desabantaila baino, abantaila gisa ikusten dute azken azterlanek. Burmuinak "barne-borroka" horiek kudeatzen eta gainditzen ikasi behar duenez, "indartu" egiten da eta handitu egiten da bere gaitasun kognitiboa. Eleaniztasuna, azken batean, gimnasia moduko ariketa da giza garunarentzat eta bere gaitasuna indartu egiten du.
Hori adierazten dute, behintzat, azken urteotan egin diren hainbat ikerketak. Besteak beste, 2004an haurreskolako umeekin egindako ikerketa bat aipatzen dute, eta baita 2009ko beste hau ere.
Azken urteotan egindako ikerketa eta azterketek, beraz, ez omen dute zalantzarako tarte handirik uzten. Elebitasunak garunaren funtzionaltasuna hobetzen eta handitzen du, hizkuntzarekin lotutakoak ez ezik, baita egoerak planifikatzeko, arazoak gainditzeko edo kontzentrazioa areagotzekoak ere. Adibidez, distrazioak gaindituz benetan garrantzitsua den horretan adi izaten laguntzen du; edo bi ataza batera egiteko gaitasuna handitzen; informazioa burmuinean luzaroago gordetzen laguntzen du (gidatzen ari garela helbidea buruan gordetzen); eta burmuinaren eraginkortasuna handitzen.
Azken batean, ingurunea monitorizatzeko gaitasuna areagotzen da. Eleaniztasunak horretara derrigortzen gaitu, hizkuntza batetik bestera etengabe aldatzen ari baikara (entzulearen eta egoeraren arabera), eta gaitasun horrek onurak eguneroko beste hainbat kontutara ere hedatzen ditu.
Eragina, gainera, bizitza osoan zehar gertatzen da, haurtzarotik heriotzeraino. Bigarren hizkuntza nagusitan ikasi dutenengan ere eragina izan dezakeela dirudi, gainera. Azken urteotan Alzheimerrarekin eta beste dementzia kasu batzuekin egindako ikerketek diote elebitasunak gaixotasunaren larritasuna jaitsi dezakeela eta dementziaren agerpena atzeratu dezakeela.
Artikulu honi erreferentzia egiten dion rant bat (artikulu amorratu bat, nolabait itzultzekotan) idatzi dut gaztelaniazko neure blogean. Elebakartasunetik abiatutako portaera eta mugimendu batzuekin nekatuta apur bat, pantera beltzen politikan sinesten dudala esateko idatzi dut.